Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Atzo 44. Amstel Gold Race klasiko gogor eta famatua jokatu zen Holandan. Txirrindulariek 259 kilometrori egin behar izan zioten aurre, 31 murru eta igoera latzekin, Caubergo igoera gogorrean bukatu zena. Ihes egindako hirukote bat heldu zen Caubergeko helmugara eta Katusha taldeko Ruslan Ivanov izan zen indartsuena (6:38:31), Saxo Bank taldeko Karsten Kroon eta Rabobankeko Robert Gesink garaitu eta gero. Tropel nagusia segundo eskasera sartu zen, faborito nagusiak bertan zirela - Damiano Cunego bosgarrena, Samuel Sanchez hamalaugarrena eta Alejandro Valverde hogeitabatgarrena - . Euskalteleko Egoi Martinezek eta Gorka Verdugok ezin izan zuten lasterketa despeditu. Amstel Gold Race klasikoak Ardenetako klasikoen astea mustu du. Asteazkenean, hilak 22, Flecha Wallona lasterketa ezaguna izanen da eta igandean, hilak 26, Lieja-Bastogne-Lieja. Euskaltel taldeko burua Samuel Sanchez izanen da, eta haren albokoen artean Egoi Martinez eta Gorka Verdugo etxarriarrak izango dira. Aipatu bi lasterketetan ere Ag2r talde frantziarrean dabilen Jose Luis Arrieta uhartearra ariko da.