Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Etxarri Aranazko Udalak hilaren hasieran aurtengo aurrekontua onartu du hasiera batez. 3.126.372,52 euro kudeatuko ditu udalak aurten. Aurten eginen diren lanen artean dago Mojen ikastetxea hartzen zuen eraikina egokitzea. Enplegurako Toki Inbertsioaren Estatu Funtsaren laguntzarekin eginen diren lan horiek 123.839 euroko aurrekontua izanen dute, eta Gaintza Eraikuntza enpresa arduratuko da haiek egiteaz. Udalak lanak ahal bezain laster despeditu nahi lituzke musika eskola lehenbailehen lekualdatu ahal izateko. Aurrekontuetan udalak jaso duen beste diru sail bat San Donato ikastetxe publikoan hainbat berrikuntza egitera bideratuko da. Besteak beste, eskolako aldagelak, komunak eta leihoak berrituko dira. Horretara 308.802 euro bideratuko ditu. Lan horiek Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarekin eginen da. Erakunde beraren laguntza jasoko du Etxarri Aranazko Udalak herriko Geltoki auzoa uholdeetatik babesteko egitasmoaren azterlana egiteko. Uholderik ez egoteko hartu beharreko neurri egokienak zein diren aztertzeko 128.165,76 euro bideratuko ditu udalak. Bestalde, aurretik martxan dagoen lau urteko plangintzari segida emanez, udalak mendiko lanetarako 112.000 euro bideratu ditu.FuntsaEstatuko funtsaren laguntzaz ere Utzubarko saneamendu kolektorea eta plazako zoruaren egokitzapen lanak eginen dira. Lehenengo lanak Etxarriko industrialdeko ur zikinak Arbizuko ur sarearen bidez Lakuntzako araztegira eramatea ekarriko luke. Horretarako 152.936,40 euro bideratuko ditu udalak. Lanak Legarra-Lazkoz enpresak eginen ditu. Bestalde, plazako haurren jolas parkeko zorua aldatu eta haren ondoan dagoen plaza zatian oinezkoendako ibilbidea prestatzeko 146.785 euro bideratuko ditu udalak. Lanak Sueskun enpresak eginen ditu.