Nazabalek ez zuen aparteko arazorik izan Zubiaga menpean hartzeko

Guaixe 2009ko apirilaren 27a

Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketa abian dago. 12 aizkolari ari dira lehian, 4 multzotan banatuta. Iazko txapeldun Floren Nazabal A multzoan dago, Atutxa II.a eta Zubiagarekin batera. B multzoan Arrospide, Arria V.a eta Rekondo daude; C multzoan Larretxea, Lopez Azpilikueta eta Senosiain; eta D multzoan Mindegia, Azurmendi eta Jauregi. Ligaxka jokatuko da lehenik eta behin, eta multzo bakoitzeko bi onenek egingo dute aurrera. Bada, larunbatean, Zumaian, Floren Nazabal iazko Arabako txapeldun Zubiaga izan zuen aurkari. Nazabal zen faborito argia eta egia esan ez zuen aparteko arazorik izan Zubiaga menpean hartzeko, jokatutako proba guztietan gailendu baitzen nafarra. 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan mozteko lehian lau kolpeko aldea kendu zion Nazabalek (34 kolpekada). Abiadura proban Zubiagak lan ona egin zuen (51 segundo) baina Nazabalek 49 segundotan despeditu zuen lana. Kana-erdiko enborra zutik jarrita moztu behar zuten segidan, eta hor ere Nazabal nagusitu zen (1:36). Hortxe geratu zen dena erabakita. Baina 60 ontzakoarekin ere tartea zabaldu egin zuen nafarrak (1:37). Azkeneko lanean, iraupeneko proban, bi kana-erdiko keta bi 60 ontzako moztu behar zituzten eta 10:16 izan zen Florenen lana, eta 10:37 aurkariarena. Proba guztiak kontuan hartuta 15 minutu eta bi segundo behar izan zituen Nazabalek eta Zubiagak, berriz, 16 minutu eta 40 segundo. Jokoan zeuden gainontzeko kanporaketetan Miel Mindegia beterano handiak lan bikaina egin zuen (15:18) Azurmendiri irabaziz (16:08), eta Arrospide (14:42) Rekondo baino gehiago izan zen (17:37). Biharko saioakBihar San Prudentzio eguna izaki beste Urrezko Aizkoraren beste bi saio jokatuko dira. Eguerdian, Gasteizko Armendian Larretxea eta Senosiain I.a neurtuko dira. Donato da faborito nagusia. Eta arratsaldean, 19:00etan, Lazkaon, Aurmendi eta Jauregi ariko dira. Sakanako Aizkora Eskolan formatu zen arabarra da txapelketa honetako ezusteko nagusia, baina zaila izango du Azurmendiri irabaztea. Lazkaon ere 23 urtez azpiko Banakako Txapelketa abiatuko da, eta Iñaki Vazquez "Sakana" altsasuarrak Jokin Alkizaleteri eginen dio aurre, D multzoko ligaxkan.