Etxarri lehian sartu da berriro

Guaixe 2009ko apirilaren 27a

Preferente mailara igo ahal izateko igoera fasean murgilduta dago Etxarri Aranatz. Aurreko astean lehen jardunaldiko partida jokatu zen eta Cabanillasek 2-0 irabazi zion Etxarriri. Bada, larunbatean Carcar taldea hartu zuen Etxarrik San Donato zelaian eta emaitza bera errepikatu zen, baina kasu honetan Etxarri Aranatzek irabazi zion Carcarri, merezitako garaipena hain zuzen.  Bi taldeak lehen jardunaldia galtzetik zetozen eta partida irabaztera atera ziren, eta hortaz, partida ona izan zen. Hasieran Carcarrek agindu zuen baina ez zuen aparteko gol aukerarik sortu, baina partida aurrera joan ahala etxarriarrak nagusitzen hasi ziren, gol aukerak sortuz. Hori bai, Carcarreko atezainak erantzun bikaina eman zien saiakera horiei. Bigarren zatian etxarriarrek agindu zuten gehiago, eta jokaldi horietako batean aurreratzea lortu zuten, 59. minutuan Lakuntzak sartutako gol bati esker. Carcarrekoek gora egin zuten, erasora, eta etxarriarrek kontraerasoan min asko egin zieten Erriberakoei, horrela heldu baitzen Etxarriren bigarren gola, Ruedak sartutakoa. Partida irabazita igoera fasean lehen puntuak pilatu ditu Etxarrik. Igoera faseko lehen multzoan Lagunak taldea da buru, 6 punturekin. Cabanillasek eta Etxarrik hiruna puntu dituzte, eta Carcarrek ez du punturik bildu.