Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Larunbatean Preferente mailara igotzeko faseko hirugarren jardunaldia jokatu zen. Etxarri Aranatz lehen multzoan lehiatzen ari da, Lagunak, Cabanillas eta Carcar taldeekin batera. Bada, larunbatean Lagunak taldea izan zuen aurkari San Donato futbol zelaian jokatutako partidan. Lehen zatian Lagunak taldea izan zen nagusi eta atsedenaldira gol banako errentarekin joan ziren iruindarrak, nahiz eta penaltya oso zalantzazkoa izan.Bigarren zatian arbitroen erabakiak izan ziren protagonista eta onartu beharra dago erabaki horiek Lagunak taldeari egin ziotela mesede. Etxarriarrak partidari buelta ematera atera ziren baina Lagunak-ek bigarren gola sartu zuen, arbitroak ikusi ez zuen jokoz kanpoko jokaldi batean. Etxarriko Lakuntza jokalaria kanporatu zuen arbitroak, eta ondoren, kontraeraso batean 0-3koa lortu zuten Barañaingoek. Hala ere, Etxarrik ez zuen etsi, hainbat gol aukera sortu eta Morenok 1-3koa ezarri zuen markagailuan. Bigarren gol bat ere sartu zuen Etxarrik, baina arbitroak ezetatu egin zuen, soilik berak ikusi zuen jokoz kanpoko jokaldia zelakoan. Ondoren, Etxarriko Jauregi kaleratu zuen arbitroak eta 87. minutuan Lagunak-eko Zudairek gola sartu zuen, bi jokalari jokoz-kanpo zeudela. Etxarrik gehiago merezi zuela argi dago, baina bukaeran 1-4 galdu zuten sakandarrek. Igoera faseko lehen multzoko buru Lagunak taldea da, 9 punturekin. Cabanillas-ek 6 puntu ditu, Etxarri Aranatzek hiru eta Carcarrek ez du punturik. Asteburuan igoera faseko bigarren bueltari ekingo zaio. Barañainen jokatuko du Etxarri Aranatzek, atzera ere Lagunak taldearen kontra. Ea aurreko asteko partidari buelta eman eta jokoan dauden hiru puntuak pilatzen dituzten.