Azken mendean goitik behera aldatu da sakandarren bizia. Lurretik eta abereetatik bizitzeari utzi eta hiritartu egin gara. Haustura erabatekoa izan da, bai ekonomikoki, bai sozialki. Ondorioz, ulergaitz egiten zaizkigu XX. mende hasierako gertaera asko: egoera politikoa, ordezkaritza, auzolana, bizimodua, gudak eta abar. Egoera hori gainditu nahi izan du Rafael Karasatorre etxarriarrak. Horregatik liburu batera eraman du XX. mende hasierako bere jaioterria. Etxarri Aranatz 1900-1940 izena eman dio liburuari.
Edukia
Liburu mardula idatzi du Rafael Karasatorrek, ia 900 orrikoa. Bertan 1900tik 1940ra bitarteko Etxarri Aranazko errealitatea islatzen saiatu da. "Kritika eta iritziak baztertu, eta bildutako dokumentuetan agertzen dena idaztera mugatu naiz. Dokumentu horietako asko bere horretan sartu ditut kronologikoki, liburuari kronika itxura emanez" azaldu digu Karasatorrek. Etxarriarrak bi zatitan banatu du XX. mende hasiera: 1900etik 1935era artekoa eta 1936tik 1940ra artekoa, gerra garaia. Herritarren bizimoduaren berri ematen duten datu mordoa bildu ditu Karasatorrek: Etxarri eta inguruko herrietako errota, herri lanak, feriak, establezimenduak, industria, kintoak, 1918ko gripearen ondorio lazgarriak, ospakizunak, erromeriak, etab. "Garai hartan bizitza zibila eta erlijiosoa eskutik zihoazen. Horregatik bat egiten dute udaleko artxiboetan" azaldu digu historialari etxarriarrak.
Herritik kanpoko gertaerek ere berebiziko eragina zuten herritarren bizimoduan, "legediak edo gudek esaterako" argitu digu idazleak. Marokoko Gerra, Errepublika Garaia eta Gerra Zibileko hondamendia etorriko da atzetik. Horiei ere lekua egin die liburuan. Eta gerra lazgarriaren arrastoen artean, harri bitxiren bat ere aurkitu du Karasatorrek: "frontetik soldaduek etxera bidalitako gutun batzuk daude, etxekoek sekula jaso ez zituzten gutunak" dio historialariak. Horiei bestelakoak ere gehitu dizkie: gerrara joandako herritarren zerrenda, gurutzadako buldak, datu estatistikoak, epaiketak, 3 urtetako erroldak, 1932ko hauteskunde-errolda, dantzakia, Altsasuko zortzikoa eta abar luzea.
Euskarazko testuak
Rafael Karasatorrek leku berezia egin die urtetako bilketa lanetan aurkitu dituen euskarazko testuei. Denetariko idazkiak aurkitu ditu Etxarriko idazleak: Victoriano Huiciren 1899ko Manual de Gramática Bascongada idazkiak irekitzen du atal hori. Gaurko egunera iritsi den Urteberri kanta dator ondotik. Testu erlijiosoak ere badira: San Migel Goiaingeruaren harrera eta agurreko kantuak edo XVIII. mendeko sermoiak. Idatzi bitxienen artean dago nekazaritzari buruzko XVIII. mendeko idatzia.
Udaletxeko dokumentazioa oinarri
Etxarri Aranazko udaletxeko dokumentazio dago Rafael Karasatorreren lanaren oinarrian. "XIX. mende amaieratik aurrera dokumentazio mugimendu handia dute udalek. Herritarren bizimoduaren berri izateko informazio iturri paregabea da" azaldu digu. Dokumentazio hori Nafarroako Artxiboan bildutakoarekin aberastu du. Urteetan informazio bilketa egin eta gero, liburu batean bildu nahi izan ditu emaitzak. "Historia liburu duina egin nahi izan dut" esan digu Karasatorrek. "Ez da posible herri baten historia guztia liburu bakarrean laburtzea" dio; 1900-1940 bitarteko urteak landu ditu liburu honetan, baina "litekeena da aurrerago entrega berri batean 1800-1900 tartea hartzea" adierazi du.
Aurrekariak
Ez da Rafael Karasatorrek idatzi duen lehen liburua. Argitaratu berri duen liburuaren aurrekari moduan Barranca Burunda liburua har daiteke. "Liburu hark espazioa, testuingurua, deskribatzen zuen. Oraingoan, berriz, subjektuetan, herritarrengan, jarri dut indarra" dio idazleak. Sakanaz kanpoko bazterrak ere aztergai izan ditu. Glosario navarro liburuan esaterako, Cintruenigoko hizkera, pertsonaiak eta ohiturak aztertu zituen. Herri bereko erreformista bat izan zuen hizpide Carrascón liburuan. Azkenik, 2007an Navarra tridentina argitaratu zuen, Iruñeko elizbarrutia aztertzen duen liburua. Elkarlanean egindako lanak ere baditu; esaterako, Jose Luis Erdoziarekin batera argitaratu zuen Etxarri Aranazko euskara eta Arañaz elkarteko hiztegia edo Angel Perezekin batera 1993ko Nafarroa Oinezerako idatzitako Burunda, topaleku liburua. Etxarri Aranatz 1900-1940 du azken liburua. Idazlea bera arduratu da lana argitaratzeaz. 300 ale inguru argitaratu ditu. Etxarri Aranazko liburu dendetan daude salgai.