Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketa

Guaixe 2009ko maiatzaren 11

Despeditu da Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketako lehendabiziko fasea. 12 aizkolari aritu dira lehian, lau multzotan banatuta, ligaxka sisteman. Multzo bakoitzean lehen bi sailkatuek lortu dute hurrengo fasera pasatzea, eta egungo txapeldun Floren Nazabal etxarriarra dago horien artean. Nazabal A multzoan aritu da, Atutxa II.arekin eta Zubiagarekin. Zubiagak Nazabal eta Atutxaren kontra galdu eta gero, azken bi hauek bazekiten hurrengo faserako sailkatuta zeudela, baina, hala ere, larunbatean Berriatuan elkarren kontra aritu ziren eta dena eman zuten, multzoko lehen postua baitzegoen jokoan. Aurreikusi moduan Nazabal nagusitu zen, lan guztiak egiteko 14:27ko denbora eginez. Atutxak 15:15eko denbora behar izan zuen. Gainontzeko multzoei dagokionez, B multzoan Arrospide eta Arria V.a sailkatu dira, Rekondo bidean geratuz; C multzoan Larretxea eta Lopez Azpilikuetak egin dute aurrera, Senosiain kanpo geratuz; eta D multzoan Mindegia eta Azurmendi nagusitu dira, Sakanako Aizkora Eskolan formatu den Ilarduiako Arkaitz Jauregi txapelketatik kanporatuz. Igandean, Urduñan Nazabal laneanAsteburuan Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketako final laurdenak abiatuko dira. Larunbatean Arrospide Atutxarekin eta Mindegia Lopezekin neurtuko dira Zeanurin. Igandean, Urduñan Floren Nazabalek Azurmendi izanen du aurkari eta Larretxeak Arria. Jaialdia 12:30ean abiatuko da, Urduñan. Gauzak zailtzen doaz aizkolariendako, orain arteko ligaxkan sasoi betean daudela erakutsi baitute. Printzipioz, Nazabal Azurmendi irabazteko faboritoa da, baina etxarriarrak lan handia egin beharko du garaipena lortzeko. Orain arteko lan berbera egin beharko dute guztiek: kolpeka 45 ontzakoa moztea, erloju kontrakoan 45 ontzakoa moztea, etzanda 60 ontzakoa erdibitzea, zutik kana erdikoa ebakitzea, eta txanda luzean, kana erdiko bi enbor eta 60 ontzako bi enbor ebakitzea. 23 urtez azpikoek aurrekoen lehen bi lanez gain, etzandako kana erdikoa ebaki beharko dute, zutik dagoen 45 ontzakoa erdibitu eta lan luzean kana erdiko lau enbor erdibitu.