Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Asteburuan jokatutako lehien ondoren Arrospidek, Larretxeak, Lopez Azpilikuetak eta Nazabalek lortu dute Urrezko Aizkorako finalerdiak jokatzeko txartela. Arrospidek Atutxa gaztea menperatu zuen, Larretxeak Arria, Lopez Azpilikuetak Miel Mindegia - akaso ezustekorik handiena - eta Nazabalek Azurmendi. Nazabal zen faborito eta ez zen sorpresarik izan. Jokoan zeuden bost probetatik - 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu; 45 ontzakoa erloju kontra; 60 ontzakoa zeinek azkarrago bota; kana-erdikoa zutik moztu; eta bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako zeinek azkarrago moztu - soilik abiadura proba bereganatu zuen gipuzkoarrak, eta gainontzeko guztietan gailendu zen etxarriarra. Zutikako enborrean geratu zen erabakita saioa. Lan guztiak 14 minutu eta 34 segundotan burutu zituen egungo txapeldun Nazabalek, eta Azurmendik, berriz, 16 minutu eta 10 segundo behar izan zituen. Asteburuan abiatuko dira finalerdiak. Maiatzaren 24an, Larretxea Arrospideren kontra ariko da Maeztun, 12:30ean, eta astebete geroago, maiatzaren 31n, Lopez Azpilikueta eta Nazabal izango dira aurrez-aurre Kuartangon, 12:00etan. Finalerako txartelak oso garesti daude, aipatu lau aizkolariak sasoi betean daudelako, baina egungo txapeldun Floren Nazabal eta Donato Larretxea dira faboritoak. Hala ere izugarri izerditu beharko dute finalera heltzeko, arerioak oso gertu baitituzte.