70 mendizale Lizarrusti-Abaltzisketan

Guaixe 2009ko maiatzaren 20a

Etxarri Aranazko Larrañeta mendi taldeak Lizarrusti-Abaltzisketa mendi ibilbidea antolatu zuen igandean. 70 mendizale inguruk egin zuen bat deialdiarekin eta talde horretako gehienak Txindoki igotzera animatu ziren (ikus argazkia, Txindokiko puntan Jesus Ubedak ateratakoa). Bukaeran bazkaltzera bildu ziren sagardotegian. Igandean Balerdi inguruan ibilaldi ederraSakanako Mendizaleak taldeak irteera antolatu du iganderako, maiatzaren 24rako. Primerako ibilaldia antolatu dute Azkaratetik aterata, eta Malloetatik barna Aralarren ibilbidea eginez, besteak beste Zabalegi, Artubi, Balerdi eta beste gaindituz, Gaintzara heldu arte. Bi ibilbide prestatu dituzte. Ibilbide luzean, Azkaratetik Larrondora joko dute, Zabalegira (1.060 m) helduz. Artubiko gainera iritsiko dira ondoren (1.262 m), eta segidan Balerdiko bidea hartuko dute (1.195 m). Hortik Astunaldeko lepora joko dute eta segidan Nakorri (1.306 m) igoko dute, Oako-Ataka (1.230 m) lepora jaitsiz atzera ere Beoin (1.350 m) igotzeko. Egurbideko lepora (1.290 m.) jaitsi eta gero Aldaon tontorra gaindituko dute (1.411 m), jaitsierari ekiteko. Elkomuts lepora jaitsiko dira, Hirumugarrietatik gertu, eta aldapa gogor bat jaitsiz Gaintzara helduko dira. Gutxi gora behera 6 orduko ibilbidea da, igoeran 1.250 metroko desnibelarekin eta jaitsieran 1.280ko desnibelarekin. Ibilbide motzean, Astunaldeko lepora iritsi eta gero, Gaintzara jaitsi daiteke zuzenean, aldapa gogor batetik. Kasu honetan, ibilbidearen igoera desnibela 805 metrokoa da eta jaitsierakoa 880 metrokoa, eta lau ordu inguruan osatu daiteke bidea. Autobusa goizeko 7:30ean abiatuko da Olaztitik, eta izena eman duten mendizaleak hartzeko geldialdiak eginen ditu Sakanako herrietan. Norbaitek izena eman nahi badu 639 11 76 31 telefonora deitu behar du.