Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Nafarroako Ehiza Federazioak, Etxarri Aranazko Muxar Ehiza Taldearen laguntzarekin Arrasto Txakurren Nafarroako I. Txapelketa antolatu zuen larunbatean Etxarri Aranazko Epele dermioan. Nafarroan lehen aldiz antolatzen zen txapelketa, baina Estatuko zenbait tokitan oso ohikoak dira. Hortaz, ikusmira handia zen eta jarraitzaile ugari hurbildu ziren proba jarraitzera. 33 ehiztari lehiatu ziren, euren txakurrekin. Aurten ez zen sakandarrik animatu, baina Nafarroako Ehiza Federazioko kide Jose Inazio Urrizak adierazi zuenez "ziurrenik hurrengo urtean zazpiren bat inguru animatuko dira", txapelketak arrakasta handia izan baitzuen. Antolatzaileek basurdeak askatu zituzten goizaldean, eta haiek egindako bidea markatu zuten. Handik ordu batzuetara, goizeko 9:00etan hasi zen lehia, ehiztarien artean zozketa egin eta gero. Banaka-banaka aritu ziren 33 txakurrak. Txakur bakoitza bere jabearekin zegoela, beti lotuta, eta epailea gertu, lanean hasi ziren, arrastoa jarraituz; epaileak basurdearen markak jarraitu zituen eta beste puntuatu zituen. Bi arrasto bidetan banatuta aritu ziren txakurrak, eta finalerako sailkatu zirenak hirugarren arrasto bide batean lehiatu ziren. Probaren irabazlea Zarrabeitia izan zen, Marquezen eta Makazagaren aurretik. Ehiztari nafarren artean Nafarroako txapelketa erabaki zen eta Arraztoa izan zen txapelduna, Urmenetaren eta Iraitzozen aurretik. Antolatzaileak eta ikusleak pozik azaldu ziren ikuskizunarekin eta probak segida izanen duela aurreikusi zuten.