Boluntario taldea denboraldia ixtear

Guaixe 2009ko maiatzaren 20a

Mojen eraikina zeneko bigarren solairuak itxura berezia du. Elkarren gainean pilatutako kaxez beteta daude gelak. Etxarri Aranazko Boluntario Taldeak erabiltzen dituen gelak dira. 2007ko martxoan abiatu zuen ibilbidea. Orduz geroztik, 10 bat lagun biltzen dira astelehen eta asteazken arratsaldero, herritarrek emandako arropa eta bestelako materiala sailkatu eta Afrika eta Ertamerikara bideratzeko. Zenbait hilabeteko lanaren ondoren, datorren astean itxiko dute bigarren denboraldia. 400 kaxaBoluntario taldea pozik dago urritik hona egindako lanarekin. Denetarik eraman dute herritarrek: arropa, oinetakoak, eskola-materiala, ospitalerako materiala, kazolak, jostailuak, sehaskak, ordenadoreak, etab. "Egoera onean jaso dugu guztia. Denda batek mustu gabeko arropa ere eman digu" adierazi dute. "Jasotako guztia erabiltzen dugu; ez dugu ezertxo ere botatzen" gaineratu dute. Jasotakoa sailkatu eta 400 kaxa bete dituzte material guztiarekin. Iruñeko salesdarren gobernuz kanpoko erakundera eraman dute materiala. Handik Afrika eta Ertamerikara bideratuko dute herritako boluntario taldeek jasotakoa. Herritarren ekarpena eskertu du boluntario taldeak, baita Etxarri Aranazko Udalaren laguntza ere, garraio lanak egiteagatik. Boluntarioek Mojen etxea zenean jaso dute arropa. Adierazi dute herritan jarri diren edukinontzi urdinek nahasmena sortu dutela, baina argi utzi nahi izan dute: "ez dira gureak". Ekainetik aurrera ez dira mojena zen eraikinean bilduko, baina norbaitek erabiltzen ez dituen arropak edo trasteak ematea nahi badu, aukera izanen du 948 460 804 edo 948 460 875 telefonoetara deituta.  Boluntario eskeLanean jarraitzeko prest jarraitzen dute boluntarioek. Gero eta material gehiago jasotzea da haien nahia, "baina horretarako jende gehiagoren laguntza behar dugu" diote. "Ez da behar astelehen eta asteazkenero gurekin biltzea" esan digute, "etxetik ere lagundu daiteke". Josten edo puntua egiten dakitenen laguntza eskertuko lukete bereziki, herritarrek eman dituzte tela eta lanari irteera emateko. "Asko betetzen duen lana da" ziurtatu dute.