Bautista Barandallaren egoeraren berri zabalduko dute bihar

Guaixe 2009ko maiatzaren 29a

Bautista Etxia plataformak antolatuta, bihar, Bautista Barandalla presoaren egoeraren berri emateko hitzaldia izanen da. Haren senide batek, plataformak eta Mati Iturralde medikuak parte hartuko dute hitzaldian. Hitzaldia 11:30ean izanen da, kultur etxean. Bautista Etxia plataformatik gogora ekarri dutenez, "kartzelan ia 19 urte egon ondoren, horietatik bederatzi oso larri gaixorik, Bautistak ekaina akaberan beteko du bere zigorra". Plataformak, zabaldutako oharrean orduan aterako ote den galdetzen du, Parot dotrina gisa ezagutzen den espetxe politikari aipamen egin nahirik. Igande eguerdian, bestalde, Bautistak espetxean egindako eskulanen erakusketa izan zen plazan ikusgai, eta hainbat izan diren hura bisitatu zutena. Erakusketa osatutako 40 piezen artean kutxak, lorontziak, itsasontziak, buztinezko baserriak, eta papiroflexia irudiak zeuden, gehienak egurrez eginak. Plataformak gutun azalak eta  gutun bat erdi prestatuta eskaini zituen, nahi zuenak han zein lan gustatu zitzaion eta zergatia idazteko aukera zuen. Jasotako 20tik gora gutunak Bautistari bidaliko dizkiote.