Nazabal, txapelaren bila Arrospideren kontra

Guaixe 2009ko ekainaren 1a

Atzo Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketako bigarren finalerdia jokatu zen Kuartangon. Egungo txapeldun Floren Nazabal eta Lopez Azpilikueta aritu ziren lehian, eta iraupeneko probara arte gauzak nahiko parean joan baziren, Nazabalen aldera beti ere, bukaerako proban Etxarri Aranazkoak erabateko nagusitasuna erakutsi zuen, eta finalerako txartela irabazi zuen. 45 ontzako enborra zeinek kolpe gutxiagoan mozteko lehian bi aizkolariak berdinduta geratu ziren, biek 30 kolperekin moztu baitzuten enborra. 45 ontzakoa erlojuaren kontra mozteko lehian 38 segundo behar izan zituen Nazabalek, eta sei segundo gehiago Lezaungoak. Hirugarren proban berriro ere berdindu zuten, bi kirolariek minutu eta 38 segundotan amaitu baitzuten zutik eta etzanda zituzten bi 45 ontzakoak. Laugarren proban kana-erdikoa zuten aurrez aurre eta berriro ere Nazabal nagusitu zen (1:28), Lezaungoari 6 segundoko aldea aterata. Bosgarren proban kana-erdiko bat zutik erdibitu behar izan zuten eta faboritoa gailendu zen berriro. 2:18an amaitu zuen bere lana Florenek, eta 2:56an Lopez Azpilikuetak. Iraupen probara abantailarekin heldu zen Nazabal, eta bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako erdibitzeko lan luzean jaun eta jabe izan zen etxarriarra (9:30), lezaundarrari minutu eta erdiko aldea aterata (11:05). Lan guztiak kontuan hartuz, Nazabalek 16 minutu eta 17 segundo behar izan zituen lanak egiteko, eta Lopez Azpilikuetak, berriz, 18 minutu eta 42 segundo. Ez zen sorpresarik egon eta Nazabal faboritoak lortu zuen finalerako txartela. Larunbat gauean erabakiko da denaFinalerdietan Larretxea irabazi zuen Arrospide izanen du arerio Floren Nazabalek larunbatean, ekainaren 6an, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan jokatuko den finalean. Jaialdia gauean izanen da, 22:30ean, eta egungo txapeldun Nazabal da txapela janzteko faborito nagusia, baina Arrospidek sasoi betean dagoela erakutsi du. Hortaz emozioa handia da. Jaialdi berberean 19 urtez azpiko finala jokatuko dute Ander Erasunek eta Ruben Saralegik. Finalerdietan egindako lan berbera egin beharko dute aizkolariek finalean. Ea orain arteko maila bikaina eman eta Nazabalek beste txapela bat ekartzen duen Etxarrira. Txapela eta trofeoa jasotzeaz gain 6.000 euroko saria jasoko du txapeldunak, eta 3.000 eurokoa txapeldunordeak.