Txikiek ere oinak ditugulako, goazen OINEZ

Guaixe 2009ko ekainaren 11

Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolako lehendakariorde Pello Urzelai eta 2009ko Nafarroa Oinez-en jarduera batzordeko Manu Gomez prentsa aurrean agertu ziren asteazkenean. Eginbehar garrantzitsua zuten esku artean: 2009ko Nafarroa Oinezen kanta aurkeztea. Abestiaren musika sortzaile eta ekoizle Kaki Arkarazo ondoan zutela, Txikiak handi abestiaren nondik norakoak aurkeztu zituzten. Txikiak handiTxikien handitasuna aldarrikatzen du Andra Mari ikastolak 2009ko Nafarroa Oinez-en leloaren bidez. Horregatik eman dio abestiari Txikiak handi izena. Euskal literaturan hizki nagusiz idazten den idazleak eman dio letra abestiari: Joseba Sarrionandiak. "Sarrionandiak oso ongi laburbildu du kantuan Oinez-en antolatukuntzak zabaldu nahi zuen mezua" adierazi zuen jarduera batzordeko Igor Artiedak BELEIXE irratian. "Txikiak handi" eta  "Badugu / ez dugu" paradoxak daude letraren oinarrian. Horien bidez, txikiak izan arren, saiatuz gero helburuak lortu daitezkeela azpimarratzen da. Izan ere, "txikiak ere baditu oinak, handiak adina". Horregatik, bidea egitera animatzen du kantuak, "egiten badugu izanen dugu bidea, (...) hizkuntza, (...) ametsa, (...) herria". MusikaSarrionandiaren letrarendako musika bila ari zela, Kaki Arkarazo musika ekoizlearengana jo zuen Andra Mari ikastolak. M-ak eta Negu Gorriak taldeetako kide izandakoak proposamena onartu zuen eta, azkenean, ekoizpena ez ezik, bere esku hartu zuen musikaren sorkuntza ere. "Lan ikaragarria egin du eta eskerrak eman beharrean gaude" esan zuen Igor Artiedak. Musikari ezagunek jarri diote ahotsa Kaki Arkarazoren abestiari. Abestia hastearekin batera, sakandarren ahotsak bereiziko ditugu: Amets Larraza, Lur Larraza eta Fran Uriasenak. Haiekin batera Euskal Herriko zenbait ahots ezagun ageri dira: Ruper Ordorika, Petti, eta Aiora Zulaika Pirritx, besteak beste. Luis Kalandrakak (baxua eta kontrabaxua), Kaki Arkarazok (gitarra), Mikel Abregok (bateria), Harkaitz Minerrek (bibolina), Joseba Tapia (trikitixa) eta Oreka Tx-ek (txalaparta) jantzi dute abestia haien musika tresnekin. Andoaingo Garate estudioetan egin ziren grabazio lanak, apirilean. Asteazkenetik denon eskura daude abestia eta bideoa www.nafarroaoinez.net orrian. Udako festak gainean ditugula ikusita, udako abesti izateko puntu askorekin sortu da Txikiak handi!