Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aurreko asteburuetan zerbait izan da Etxarri Aranatzen, baina datozenak edozein etxarriarren egutegian bereziki markatutako datetako batzuk dira. Biharkoak, San Kiriko patroiaren eguna ospatuko dute Etxarrin eta bata joan bezain laster, San Adrian etorriko da, asteartean. Bihar eguerdian elizkizuna eta gero, eliz ataritik herriko soroak bedeinkatuko dira. Ospakizuna arratsaldean etorriko da, Andra Mari ermitan lagun koadrilak afari-merienda egitera biltzen direnean. Etxafuegoa 19:00ak aldera botako da eta horrek adieraziko du abiapuntua. Ermitako plazan ere dantzakia dantzatuko da kalejiran plazara jaitsi aurretik. San AdrianGaragarrilaren 16arekin, asteartearekin, etxarriarrek beheko basoko bidea hartuko dute, San Adrian ermita helmuga dutela. 10:30 aldera udalak banatuko duen gosariarekin hasiko da jendea biltzen. Batzuk ardo kupelen inguruan hizketan dauden bitartean besteak mahaia jarri eta bazkaria prestatzen hasiko dira. Eguerdiko mezak batzuen hitz- jarioa eta txikien jolasak etengo ditu. Mahaira hirurak aldera eseriko dira etxarriarrak, ohi denez. Eta herrirako bidea hartu baino ordu bat lehenagora arte ez dira mugituko. Txistulariek mahaiz mahaiko ibilbidea egin eta haiekin batera aurreneko dantzak eginen dira. Zazpiak aldera, Gernikako arbola kantatu eta ermitari azken bisita egin ondoren, herrira arteko kalejira amaigabea hasiko dute etxarriarrek, iluntzera arte luzatuko dena.