Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Mikel eta Iñaki Mundiñano anaiek ez dute aurkezpenik behar. Trikitixa eta panderoa lagun dituztela, urteak egin dituzte plazarik plaza, eta horretan jarraitzen du gaur egun Mikelek, Tximeleta taldearekin. Baina, orain arte, urtetako ibilbide horrek ez du ondorengoendako arrastorik utzi. "Faborez 03" diskoak aldatu du hori. Duela bi urte hartutako bidea jarraituz, Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen ekimenez argitaratu da Faborez bildumaren 3. alea. Euskal Herriko lau trikiti-bikote elkartu dira bertan: Etxarri Aranazko Mundiñano anaiek ordezkatu dute Nafarroa, Julie eta Thierry-k Iparraldea, Koldo eta Esti joan dira Bizkaitik eta Lourdes eta Aitor Alkorta Gipuzkoatik. Trikitixa tradizionala jasotzen du diskoak; hau da, trikia eta panderoa ahotsarekin. Bosna pieza jo du bikote bakoitzak, nork bere jotzeko molde eta kantu-erarekin. Horrela, estilo ezberdineko 20 kantuko diskoa osatu dute. Iñigo Egia teknikaria arduratu da diskoaren grabaketaz, nahasketaz eta masterizazioaz. Diseinua, berriz, Concetta Probanzak egin du. Etxarriarren ekarpenaGustura hartu zuten etxarriarrek Trikitixa elkartearen proposamena. "Urtetan plazarik plaza aritu bagara ere, ez genuen bion grabaziorik. Horretarako aukera eman digu "Faborez 03" diskoak" adierazi zuen Mikel Mundiñanok BELEIXE irratian. Proposamena onartzeak lana serio egitea zekarren. Izan ere, "badira 10 urte jendaurrean elkarrekin jotzeari utzi genionetik" azaldu zuen. Abestiak aukeratu eta behar ziren entseguak egin ondoren, otsailean egin zituzten grabaketak, Hernaniko Oh Brother estudioan. Honako piezak eskaintzen dituzte diskoan Mundiñano anaiek: Zuri Nafarroa-Hiltzaile bat bezala-Oh, gu hemen kalejira, Gona gorria fandangoa, arin-arina, Ziren, gara eta izango abestia eta Iritsiko da eguna baltsa. Aipagarria da lehen abestia Eneko Lazkozek horretarako propio sorturiko bertsoarekin hasi dutela.