Etxarri Aranazko kultur etxea Euskal Herriko idazle eta ilustratzaile handien eta haien irakurleen bilgune izan zen joan zen ostegunean. Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak eta Andra Mari ikastolak antolatuta, JUUL kanpainaren 11. edizioko sari banaketa ekitaldia izan zuten bertan. NIEko lehendakari Izaskun Arratibelek azaldu bezala, "JUUL kanpainaren helburua haur eta gazteek gustukoen dituzten euskaraz idatzitako liburuak aukeratzea da, baita ilustratzaileak ere". 3 urtetik 18 urte bitarteko ikasleek izan zuten bozkatzeko aukera. 21.401 boto erregistratu dira azken edizioan Euskal Herri osoan, horietako 690 Sakanan, Altsasuko Iñigo Aritza eta Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolan. SarituakIkasleen erabakiz, honako idazle eta ilustratzaileek jaso zuten saria osteguneko ekitaldian: 3-6 urteko ikasleek aukeratutako liburuak argitaratzeagatik, Ttarttalo argitaletxeko Itziar Irastortza igo zen oholtza gainera; 6-8 urteko ikasleek, Txiliku (Kikik Koko nahi du) eta Juan Kruz Igerabide (Korri, Sebastian, korri!) saritu zituzten. 8-10 urteko ikasleek, Joxantonio Ormazabal-en Aitona eta amona udalekuetan liburua, Pello Añorgaren Pottokoren usainak eta Toti Martinez de Lezearen Nur eta irlandar gnomoa aukeratu zituzten. Azken hau izan zen ere 10-12 urtekoen libururik gustukoena eta, orokorrean bozka gehien jaso zituen liburua. Idazle arabarrak azaldu zuen bere ilobarengan pentsatuz idatzi zuela liburua eta pozik agertu zen gainerako haur eta gazteen artean izan duen arrakastagatik. 12-16 urteko ikasleen artean, John Boyne-ren Pijama marradunaz jantzitako mutikoa izan zen arrakastatsuena. Haren itzultzaile Mirentxu Larrazak jaso zuen saria. Urtero-urtero sari banaketa ekitaldian egon ohi da Fernando Morillo eta aurten ere ez zuen huts egin. Bere bi liburu hautatu zituzten ikasleek: 12-16 urtekoek Seximenduz eta 16-18 urtekoek Ortzadarra sutan liburua. Azken adin talde honek Alberto Ladron iruindarraren Xake mate liburua ere saritu zuen. JUUL sari banaketan beste klasiko bat da Mikel Valverde ilustratzailea. Gasteiztarrak adierazi zuen Frantzian zen batean irakurleek ematen zuten literatura sari baten berri izan zuela. "Ideia paregabea iruditu zitzaidan, benetan" esan zuen. "Urte batzuk geroago poz handia hartu nuen ikastolen elkarteak ideia bera izan zuela ikustean eta, are gehiago, saritua ni nintzela jakitean". Xabier Morras artista iruindarrak egindako Juul pertsonaiaren berrirakurketa jaso zuten saridun guztiek. Andra Mari ikastolako haurrak arduratu ziren sariak banatzeaz.