Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Etxarri Aranazko abesbatzak Altzuzarako bidea hartuko du igandean. Arteaz haraindi kontzertua eskainiko du Oteiza museoan, 13:00etan. Orioko eskultore handiaren ibilbide artistikoarekin bat, bi zati izanen ditu kontzertuak. Lehen atalean, XX. mendeko konpositoreak izanen dira protagonista: Rachmaninov, Kodaly, Poulenc, Rautavaara, Kverno eta Whitacre. Bigarren zatian, Agiña gainean dagoen eskulturaren bidez Oteizak omendu zuen Aita Donostia ekarriko du gogora Etxarri Aranazko abesbatzak. Donostiko musikagile handiaren 6 abesti eskainiko dituzte etxarriarrek, euskal doinuetan oinarrituak gehienak. Kontzertu honekin itxiko du Etxarriko abesbatzak udaberriko kontzertu zikloa. Maiatzaren hasieratik 4 kontzertu eskaini ditu tarte honetan: Olatzagutian eman zion hasiera udaberriko zikloari, Etxarri Aranatzen abestu zuen jarraian eta ondoren Barakaldorako bidea hartu zuen. Maiatzaren amaieran, berriz, kontzertu sakro arrakastatsua eskaini zuen Santo Domingo de la Calzadan, Xacobeo urteko kontzertu zikloan. Kontzertu horien egitarauan leku berezia egin die abesbatzak XX. mendeko abestiei.