Gutxigatik baina Erdozia ez da finalean ariko

Guaixe 2009ko ekainaren 29a

Larunbat arratsaldean jokatu zen Nafarroako II. Mailako Aizkora Txapelketako kanporaketa, Doneztebeko pilotalekuan. 13 aizkolari aritu ziren lehian: Luis Mari Belarra (Doneztebe), Juan Telletxea (Doneztebe), Jesus Etxeberria (Beintza Labaien), Xabier Ariztegi (Etxalar), Xabier Mindegia (Beintza Labaien), Sergio Mandazen (Garralda), Arkaitz Olano (Leitza), Jon Telletxea (Beintza Labaien), Daniel Vicente (Otsagi), Jon Rekondo (Leitza), Oihan Larretxea (Bera), Patxi Mindegia (Zubieta) eta Juan Jose Erdozia etxarriarra. David Amillano altsasuarra ere parte hartzekotan zen, baina lesionatuta dagoenez ez zen aritu. Aizkolari guztiek bi kanaerdiko eta 60 ontzako bat moztu behar zituzten, eta aizkolariak oso motibatuta aritu ziren txapelketako finalera sailkatzeko txartelak baitzeuden jokoan. Jon Rekondo leitzarra izan zen nagusi (7:11), Daniel Vicenteri 24 segundo aterata (7:35). Aipatu biak ziren kanporaketa irabazteko faboritoak eta ez zuten barkatu. Hirugarrena Patxi Mindegia (7:41) izan zen, laugarrena Oihan Larretxea (7:50) eta bosgarrena Xabier Mindegia (8:25). Hain zuzen ere lehendabiziko bost aizkolari horiek lortu zuten Nafarroako II. Mailako Aizkora Txapelketako finalean aritzeko txartela. Finaleko data oraindik zehaztu gabe dago. Seigarren tokian sailkatu zen Jesus Etxeberria (8:32). Gutxigatik finaletik kanpo geratu da Juanjo Erdozia etxarriarra, zazpigarrena sailkatu baitzen (8:43). Eta haren atzetik sailkatu ziren Arkaitz Olano, Luis Mari Belarra, Sergio Mandazen, Jon Telletxea, Xabier Ariztegi eta Juan Telletxea. Azken bi horiek, Xabier Ariztegi eta Juan Telletxea, hirugarren mailara jaitsi dira, eta nahi izanez gero David Amillanorekin jaitsiera kanporaketa jokatzea eska dezakete. Kasu horretan jaitsiera kanporaketak erabakiko luke maila zein aizkolarik galduko luketen. Aizkolariak ondo prestatuta aritu ziren, iaz egindako denborak alderatzen baditugu Rekondok minutu eta 46 segundotan hobetu baitu iazko garaileak egindako lana, aizkolarien prestaketaren eta kalitatearen isla.