Sarasate Beka Amaia Razkinen Mitya soka laukotearendako

Guaixe 2009ko uztailaren 7a

Udak musika jaialdi kate luzea dakar berarekin. Hatortxurockekin mustu genuen uda Sakanan eta Euskal Herria Zuzenean, Jazzaldiak, Donostiko hamabostaldia eta beste datoz atzetik; 11 estilotako 11 jaialdi. Uda amaitzear dela, abuztuaren 21etik 28ra, Nafarroako Nazioarteko Musika Jaialdia ospatuko da Esteribarren. Bigarren urtez jarraian, nazioarteko musikari profesional handien eta promesa gazteen bilgune izanen da Nafarroako Jaialdia. Promesa horien artean, protagonismo berezia izanen du aurten Mitya soka laukoteak, Sarasate Bekaren irabazleak. Amaia Razkin etxarriarra da taldekidetako bat. Nafarroako biolin jole gazteendako bekaNafarroako Nazioarteko Musika Jaialdiak biolineko goi-mailako eta erdi mailako azken bi ikasturteetako Nafarroako ikasleak saritzen ditu Sarasate Bekarekin. Bekadunek jaialdiko maisu-klaseetan parte hartu dezakete pentsio osoan. Jaialdiko zuzendari Elena Jauregik azpimarratu du oso garrantzitsua dela Nafarroako musikari gazteak laguntzea. Hor kokatu du Sarasate Beka. Nafarroako Goi Zikloko Kontserbatorioaren laguntzarekin, Mitya laukoteari eman dio 2009ko beka Nafarroako Jaialdiak. Elena Jauregik azaldu digunez, "kontserbatorioko kamera talde onenari eman zaio beka". Amaia Razkin eta Asier Jimenez biolin joleek, Paloma Ortasek biola joleak eta Igor Saez biolontxelo joleak osatzen dute saritutako soka laukotea. Sarasate Bekari esker, gazteek maisu-klaseak izanen dituzte jaialdian parte hartuko duten musikari handiekin: kamera musikako maisu izanen dute Detlef Hahn, nazioarteko ospea duen biolin jole eta irakaslea, eta flamenko tailerra izanen dute Oscar Herrerorekin eta Antonio Gomez Schneekloth musikagilearekin. Lau musikari gazteak pozik daude aukera honekin. "Maila handiko irakasleak izanen ditugu" esan du Amaia Razkinek. "Aurrerago ere egon gara horrelako kurtsotan, baina beti ere nor bere aldetik. Oraingo honetan kamera musika klaseak jasoko ditugu elkarrekin eta, talde bezala, onuragarria izanen da" gaineratu du. Klaseak ixteko, Mitya soka laukotea agertokira igoko da abuztuaren amaieran.