Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Atzo Nafarroako Bikotekako Aizkora Txapelketa erabaki zen Iruñean. Hiru biko aritu ziren lehian, sekulako jendetzaren aurrean: Mindegia-Lopez, Nazabal-Barberena eta Larretxea-Senosiain. Miel Mindegiak eta Juan Jose Lopezek iaz jantzitako txapelari eutsi egin zioten, baina estu eta larri. Izan ere azken aizkora kolpean erabaki zen txapela, sekulako emozioarekin: segundo eskas baten aldearekin Mindegia eta Lopez nagusitu ziren (25:16) Nazabal eta Barberenaren aurrean (25:17). Kolpe batek duen aldeaHiru bikoteek hamabina pago-enbor moztu behar zituzten, sei kanaerdiko eta sei 60 ontzako, eta atzoko bero sapak - 30 gradu baino gehiago - izugarri gogortu zuen proba. Hasieran Larretxea eta Senosiain izan ziren aurreratu zirenak, baina bosgarren enborretik aurrera atzean gelditzen hasi ziren, epaia itxi zitzaielako, kontrakoen mesedetan. Lanerdietara Nazabal eta Barberena iritsi ziren aurretik, Mindegiari eta Lopezi 5 segundoko aldea aterata, baina bederatzigarren enborrean, Nazabalek gerrialdean izan zuen zaintiratua baliatuta, Mindegia eta Lopez aurreratu egin ziren segundo batzuk. Nolanahi ere azken enborreko azken aizkorakadak pare-parean eman zituzten bi bikoek, eta azkenean, segundo bateko edo kolpe bateko aldeagatik txapelak ihes egin zien Nazabali eta Barberenari, sekulako ikusmira eta emozioaren artean. Donato Larretxeak eta Antonio Senosiainek bi minutu pasa gehiago behar izan zuten euren lana despeditzeko. Zaleek txalo zaparrada handia eskaini zieten guztiei, lan ederra egin izanagatik eta eskainitako emozioagatik. Atzokoarekin Mindegiak eta Lopezek bosgarren aldiz irabazi dute Nafarroako Binakakoa, bikote ezberdinekin, baina eurak bikote direla bigarren urtez jarraian jantzi dute txapela. Tartean, Lopezek Nazabalekin irabazi zuen 2002an, 2003an eta 2005ean, eta iaz eta aurten Mindegiarekin. Mindegiak bere seme Patxi, Etxeberria, Vicente eta Lopez izan ditu biko. Proba konbinatuakGaur kimuen mailako proba konbinatuaren erakustaldia hartuko du Iruñeko Foruen Plazak, eguerditik aurrera. Berriozar, Ultzama, Basaburua eta Andra Mari taldeak ariko dira lehian.