Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Egur Sport enpresak antolatutako III. Bizkaiko Irekiko lehen jardunaldia jokatu zen larunbatean Santurtzin. Bi biko aritu ziren: Floren Nazabal eta Alex Txikon, eta Donato Larretxea eta Unai Aldape. Bost proba jokatu zituzten, eta 20 enbor ebaki; azkarrenak Larretxea eta Aldape izan ziren (17:10), Nazabal eta Txikonen aurretik (18:21). Azken lanaren aurretik minutu pasako aldea zuten irabazleek, baina azken proban - bi 45 ontzako, bi kanaerdiko eta bi 60 ontzako - aldea murriztea lortu zuten etxarriarrak eta Txikonek. III. Bizkaiko Irekian parte hartzen ari diren beste bikoak Arrospide-Garita, Lopez Azpilikueta-Mendieta eta Arria V.-Atutxa II. dira, eta baliteke besteren bat aritzea. Txapelketan guztira 9 saio jokatuko dira, finala barne. Hurrengo saioak Getxon (abuztuak 1), Lanestosan (abuztuak 9), Gernikan (abuztuak 17) eta oraindik lotu ez diren beste toki batzuetan jokatuko dira.