Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Joan zen asteazkenetik Euskal Herriko Orkestra Gaztearekin (EGO) bilduta dago Amaia Razkin, Eibarren. 81 musikari gazte bildu dira bertan, Juan Jose Ocon Arzaren zuzendaritzapean. Mundu mailako bi harribitxi ariko dira bakarlari lanetan: Karina Magakyan piano jole errusiarra eta Karolina Andrzejczak biolin jolea. Lehen asteko entsegu eta prestaketen ondoren, asteburuan iritsiko dira kontzertuak. Sei kontzertu eskainiko ditu EGO-k udako denboraldi honetan. Euskal Herrian mustuko du errepertorio berria, garilaren 26tik 29ra, hurrenez hurren, Gasteizen, Bilbon, Sopelan eta Donostian. Ondoren, Eskoziarako bidea hartuko dute musikari gazteek. Bertan, International Youth Festival nazioarteko jaialdian parte hartuko dute, munduko gazte musikarien artean erreferente bilakatu den jaialdian. Besteak beste, Herbeheretako, Islandiako, Portugalgo eta Turkiako orkestra gazteekin jotzeko aukera izango dute. Lehenago ere atzerrira atera da EGO. "Txinan egon ginen duela urte batzuk eta duela bi urte Italian" adierazi zuen Amaia Razkinek BELEIXE irratian. Baina, hau izanen da nazioarteko jaialdi batean parte hartzen duten lehen aldian. Esperientzia berria izanen da EGO-rendako eta baita Amaia Razkin Etxarri Aranazko biolin jolearendako ere. Gaztelatik EsteribarreraOraindik ere ikasturtea amaitzeke zegoela, ekainean hasi zuen Amaia Razkinek udako denboraldia. Espainiako Gazte Orkestraren bilkuran egon zen Leonen eta Avilan. Goiz eta arratsaldez, entseguak izan zituzten lehen egunetan eta ondoren, kontzertuak eskaini zituzten bi hirietan. Espainiako Gazte Orkestrarekin egindako bigarren kontzentrazioa da Amaiarendako. "Esperientzia ederra da. Lagun asko egiten dira eta asko ikasten da" dio etxarriarrak. Uda amaitu aurretik, abuztuaren amaieran, Eugirako bidea hartuko du Amaia Razkinek. Nafarroako Nazioarteko Musika Jaialdiaren barruan antolatzen den Sarasate Beka irabazi zuen Mitya soka laukoteak. Kideen artean dago Amaia Razkin. Laukoteak maisu-klaseak izanen ditu bertan. "Oso irakasle onak izaten dira eta oso pozik gaude" adierazi du Amaia Razkinek. Klaseak amaituta, laukoteak kontzertua eskainiko du Esteribarren. Aurrera begira6-7 urterekin hasi zituen musika ikasketak Amaia Razkinek Etxarri Aranazko musika eskolan. 17 urte geroago, Iruñeko Pablo Sarasate Konteserbatorioan amaitu berri du biolin karrera. "Orain hasten da okerrena" dio Amaiak. "Ikasten jarraitzeko asmoa dut eta gero probak egiten hasiko naiz" azaldu du etxarriarrak.