Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Uztailaren 19an 14. Galarleiz mendi maratoia jokatu zen Zallan. Parte hartzaileek hiru modalitatetan osatu ahal zuten 42,195 kilometroko ibilbidea: korrika, mendi ibilbide moduan edo mendi bizikletarekin. Burgosko San Pelayotik aterata Zallarainoko ibilbidea osatu behar zuten, besteak beste Zalama (1.335 m), Lamana, Salduero... mendi tontorrak gaindituz. Ehunka kirolarik hartu zuten parte mendi maratoian, tartean Angel Ijurko etxarriarrak. Angel BTT edo mendi bizikleta modalitatean aritu zen, eta lau ordu pasa behar izan zituen maratoi gogorra osatzeko, lau ordu, minutu bat eta 57 segundo, hain zuzen. Arazoak izan zituen etxarriarrak, erorikoa izan eta helmugara gurpila zulatuta zuela iritsi baitzen, kolpea hartuta eta gaizki. Baina lan ederra eginda. Probako nafar bakarra izan zen Angel Ijurko. Lauzpabost urte daramatza BTT probatan lehiatzen, Euskadiko Openean, tartean. Bilboko talde batean aritu izan zen, baina egun bere kabuz aritzen da, independente moduan.