Ea lehenengo puntua eskuratzerik duten

Guaixe 2010eko urtarrilaren 21a

Astelehenean Xalak eta Aitor Zubietak Aimar Olaizolaren eta Oiar Mendizabalen kontra jokatutako partida oso gogorra izan zen. Partida gogorra eta lehiatua, lehenengo jardunaldian galdu eta gero bigarren jardunaldian irabaztera atera baitziren bi bikoak. 1.000 pilotakaden muga gainditu zuten: 1.112 pilotakada jo zituzten ia bi ordu iraun zuen partidan. Horra lehiaren datu gordina. Txapelketako partida petoa izan zen, zalantzarik gabe.Zubieta, ongiLaurek ongi jokatu zuten. Olaizolak eta Mendizabalek hartu zuten aurrea, eta bazirudien Xalak partidan sartzeko arazoak zeuzkala. Gorriek atzeko koadroetara eraman nahi zuten jokoa, Zubieta estutzeko, baina azkenean Xala esnatu eta jokoan sartu zen, 10-9ra gerturatuz. Tantoak oso luzeak ziren eta pilotariek ez zuten arriskatu nahi, akatsak egiteko beldurrarengatik. Tarte horretan Zubietak dominatu zuen atzeko koadroetan, baina aurrean Xalak ez zion behar bezalako laguntza eman. Aurreko koadroetan Olaizola finago ibili zen, gehiago haztatuz. 17-16 zihoazela Zubietak aldagelatara jo zuen, eskuin hankako gihar bikia igo zitzaiolako. Ondoren gorriek amaieraraino ekinaldi bikaina egin zuten, 22-18 irabaziz. Partida handia izan zen, eta gorriek lehen puntua lortu zuten. Aldiz, Xalak eta Zubietak ez dute punturik bildu. Ea zortea lagun dutenAsteburuan txapelketako hirugarren jardunaldia jokatuko da. Jakina denez, lehen txanpa honetan biko guztiak guztien kontra aritu beharko dute. Xalak eta Aitor Zubietak Berasaluze VIII.a eta Begino izanen dituzte aurkari gaur gauean, 22:15ean Irunen jokatuko den partidan. Lehia zuzenean eskainiko du ETB 1ek.Irujo eta Beroiz dira jokatutako bi jardunaldiak irabazi dituzten bakarrak. Berasaluzek eta Beginok puntu bat dute eta aurreko astean Irujo eta Beroizen kontra galtzetik datoz; hortaz, lehian jarraitzeko irabazi beharrean daude. Eta Xalak eta Zubietak zer esanik ez. Beraiek dira partidarik irabazi ez duten bakarrak, eta txapelketan aukera txikiena izateko irabazi beharrean daude. Ea gaurkoan zortea bere alde duten, aurreko bi lehiatan primeran jokatuta ez baitute saririk izan. Beste partida gogor bat aurreikusten da.