Nazabal, Arrospide eta Lopez Azpilikueta igandean Paganosen

Guaixe 2009ko irailaren 11

Bihar, hilak 12, larunbata, Urrezko Aizkolari Txapeldunen Ligako hamaseigarren saioa jokatuko da Arabako Paganosen, 12:00etatik aurrera. Nazabal, Arrospide eta Lopez Azpilikueta ariko dira lanean. Aipatu txapelketan Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketan sailkatutako sei aizkolari onenak ari dira lehian, eta txapelketa pil-pilean dago. Horrela, igandean Nazabal, Arria V.a eta Lopez Azpilikueta aritu ziren lanean Alonsotegin. Etxarriarra izan zen lehena lanak despeditzen (14´19´´), Lopezi minutu pasako aldea atereaz (15´40´´), eta Arria V.a izan zen lanak bukatzen azkena (16´05´´). Eta asteazkenean, Ordizian, Nazabal, Arrospide eta Azurmendiren lehia izan zen. Nazabal izan zen onena (13´16´´), Arrospideri 39 segundoko aldea aterata (13´55´´). Azurmendi hirugarrena sailkatu zen (15´31´´). Gainontzeko saioetan bezala, Paganosen bost lan egin beharko dituzte: 45 ontzakoa zenbat kolpetan moztu; 45 ontzakoa erlojuaren kontra moztu; 45 ontzako bi enbor moztu, bata zutik eta bestea etzanda; 60 ontzakoa moztu; eta lan luzea, 60 ontzako bi enbor eta bi kana erdiko moztu. Etxarri Aranazkoa da saioa irabazteko faborito nagusia, baina arerioak ez dira motelak. SailkapenaUrrezko Aizkolari Txapeldunen Ligako sailkapenari dagokionez, Larretxeak bederatzi jardunaldi jokatu ditu, 25 puntu pilatuz. Zazpi jardunaldirekin Floren Nazabal etxarriarrak 19 puntu bildu ditu eta sei jardunaldirekin Arrospidek 12 puntu. Laugarrena Lopez Azpilikueta da (11 puntu bildu ditu jokatu dituen zazpi jardunaldietan), bosgarrena Arria V.a (jokatu dituen sei jardunaldietan 7 puntu lortu ditu); eta azkena Azurmendi (lau jardunalditan lau puntu jaso ditu).