Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak antolatutako VI. Xiba, Euskal Herrien arteko euskal joko eta jolasen final handia bihar jokatuko da, hilaren 12an, Lezoko festetan, goizeko 11:00etatik aurrera, herriko plazaren ondoan dagoen frontoi irekian. Finalean arituko diren taldeen artean ordezkari sakandar bakarra dugu: aurten lehiaketan estreinatu den Etxarri Aranatz. Xiba egitasmoaren helburua euskal jolas, joko eta kirolen transmisioa segurtatzea eta herrien arteko harremana bulkatzea da, euskaraz, jakina. Nafarroako kanporaketa maiatzean jokatu zen Goizuetan. Sei talde aritu ziren, tartean Etxarri Aranatz eta Uharte Arakil, eta talde onena Leitza izan zen. Etxarri izan zen bigarren eta Goizueta 2 (Yendenea) hirugarren. Euskal Herriko gainontzeko herrialdeetan kanporaketak jokatu eta gero iritsi da talde onenak final handian aritzeko garaia. 18 talde eta proba ugariBiharko finalean gutxienez 18 talde ariko dira: Ipar Euskal Herritik Itsaso, Amikuze eta Angelu; Bizkaitik Durango, Areatza eta Etxemaritxu; Gipuzkoatik Igeldo, Zizurkil, Idiazabal, Oiartzun, Pasaia eta Lezo; Nafarroa Garaitik Etxarri Aranatz, Hiruherri eta Goizueta; eta Arabatik Aiaratarrak, Eskua, Aramaio eta Tutxurri. Talde bakoitza 16 urtetik goragoko neska eta mutilez osatuta dagoenez, 270 partaide baino gehiago ariko dira lanean, oraindik talde batzuen presentzia konfirmatzear baitago. Guztiek ondoko probak izanen dituzte aurrez aurre: harri-jasotzea, ingudea, lasto altxatzea, dantza (bi aukera: fandangoa eta arin-arina edo talde bakoitzak bere herritik ekarritako dantza berezia), trontza, koxkolak, txingak, zaku eramatea, esneuntzia, egur pila, auzolana eta sokatira. Giro ederra ez da faltako, bertsolari eta trikitilariek alaituko baitute jaialdia. Ondoren, partaide guztiendako eta laguntzaile guztiendako - 30 laguntzaile inguru - bazkaria prestatu dute. Sari ederra guztientzako!