Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Seigarren urtez jarraian irabazi du Nafarroa Garaiak Euskal Herriko Zazpi Herrialdeen Txapelketa, larunbatean Donezteben nagusitu eta gero, baina aurretik beste txapelketa bat irabazita zuenez, guztira 7 txapel dauzka Nafarroak.Giro beroa eta plazako harmailak beteta zeudela, Nafarroa Garaiak herri kiroletan errege izaten jarraitzen duela demostratu zuen. 10 kirol proba zeuden jokoan, soka-tira, koxkolak biltzea, ingude altxatzea, lasto altxatzea, harri-jasotzea, txingak, orga jokoa, zaku lasterketa, trontza eta aizkora. Nafarroa Garaia lautan nagusitzeaz gain - lasto altxatzea, trontza, aizkora eta sokatira - , bigarren postua bostetan lortu zuen - koxkolak, ingudea, harri-jasotzea, txingak eta zaku-eramatea - eta orga jokoan bosgarrena izan zen. Hortaz, orekatuena izan zenez garaipena eskuratu zuen. Sakandar bakarra zegoen Nafarroa Garaiko taldean: Floren Nazabal aizkolari etxarriarra. Aizkora proban 45 ontzako lau enbor moztu behar zituzten 10 minutuko tartean eta azkarrena Floren Nazabal izan zen (4:20). Bigarrena Aitzol Atutxa izan zen eta hirugarrena Azurmendi. SailkapenaLan guztiak kontuan hartuta Nafarroa Garaiak jantzi zuen txapela, 60 punturekin. Bigarrena Gipuzkoa izan zen, 55 punturekin eta hirugarrena Bizkaia, 50 punturekin. Lapurdi laugarren sailkatu zen (44 puntu), Araba bosgarrena (23 puntu), Nafarroa Behera seigarrena (20 puntu), eta Zuberoa zazpigarrena (13 puntu).