Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Asteburu bikaina izan du Floren Nazabal aizkolari etxarriarrak: larunbatean Zazpi Herrialdeen Arteko Txapelketa irabazi zuen Nafarroako taldearekin, eta igandean Arabako Paganosen jokatutako Urrezko Aizkolari Txapeldunen Ligako hamaseigarren saioan azkarrena izan zen. Lopez Azpilikueta eta Arrospiderekin aritu zen lehian etxarriarra, bost proba osatzeko: 45 ontzakoa zenbat kolpetan moztu; 45 ontzakoa erlojuaren kontra moztu; 45 ontzako bi enbor moztu, bata zutik eta bestea etzanda; 60 ontzakoa moztu; eta lan luzea, 60 ontzako bi enbor eta bi kana erdiko moztu. Floren zen faboritoa eta argi erakutsi zuen. Lan guztiak bukatzeko 13 minutu eta 43 segundoko tartea izan zuen, Lopez Azpilikuetari minutu pasa aterata (14´53´´). Arrospide hirugarrena sailkatu zen (17´13´´). Urrezko Aizkolari Txapeldunen Ligako sailkapenean Larretxea da lehena, 10 jardunaldietan pilatutako 28 puntuei esker. Nazabal da bigarrena, 9 jardunaldietan 25 puntu pilatu eta gero eta Arrospide hirugarrena, 8 saioetan 18 puntu bilduta. Lopez Azpilikuetak 14 puntu ditu (10 jardunaldi), Arria V.ak 7 puntu (6 jardunaldi) eta Azurmendik 5 puntu (5 jardunaldi).