Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Derry tabernako Mikel Aldasoro Jauregi Zaintzako Instrukzio Epaitegi Zentralean salatu dute, ETAko presoen argazkiak kentzera "ukatzeagatik". Aldasorok esan digunez, agorrilaren 13an eta igandean Foruzainak izan ziren tabernan, argazkiak egin eta akta jaso zuten. Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltzaren agindu batek kopia erakutsi zioten, zeinetan agintzen zen "terrorismoaren apologia egin dezakeen elementu oro kendu behar zela". Tabernariak esan digunez, "Presoen Euskal Herriratzea eskatzen dituen ikurrak daude. Neretako ez dago apologia egin dezakeen elementurik. Halakorik ikusten bazuten haiek kentzeko esan nien foruzainei". Eskultura baten zati dira presoen argazkiak (haietako batzuk prebentiboak) eta hari erreferentzia egiten zioten poliziek. Aldasorok, bestalde, nabarmendu nahi izan du erakutsi zioten agindua "irregularra" dela, "fiskaltzaren aginduaren zatiak ditu, ez dago osorik. Nire izena gero jarri dute. Neretako agindurik ez dago". Komunikabideen bidez izan du Aldasorok salaketaren berri, ez baitu inolako jakinarazpen ofizialik jaso.