Derry taberna ixtea eskatu du fiskaltzak

Guaixe 2009ko irailaren 23a

Terrorismoaren apologia eta desobedientzia egotzi dizkiote, "presoen argazkiak kentzera ukatzeagatik". Herritar talde batek babesa eman dio. Mikel Aldasorok Auzitegi Nazionalean deklaratu zuen asteazken goizean. Derry tabernan "ETAko presoen argazkiak kentzera ukatzeagatik" salatua izan zen eta horregatik deialdia. Terrorismoaren apologia eta desobedientzia egotzi dizkiote. Tabernariak azaldu digunez, "instrukzioa irekita dagoen bitartean taberna ixtea" eskatu du fiskaltzak. Defentsa abokatuak SL bat izanik, itxiera "legez kanpoa" dela aldarrikatu du. Epaileak Foruzainak tabernara joan eta presoen argazkiak kendu diren ikusteko agindua eman du. "Asteazken eguerdian pasa ziren tabernatik. Ordurako kenduta zeuden argazkiak" azaldu digu inputatuak. Bestelako berrien zain dago etxarriarra. Asteazken iluntzean herri batzarra egin zen Etxarri Aranazko plazan, inputatuari elkartasuna adierazteko.Mikel Aldasorok "ziurtasun juridiko eza" salatu zuenMikel Aldasoro Jauregi prentsaren aurrean azaldu zen asteartean, Auzitegi Nazionalera deklaratzera joan bezperan. Herritar talde baten babespean, "presoen argazkien kontura gertatzen ari diren despropositoak" azaldu zituen Derry tabernan.Foruzainak bitan izan ziren aipatu tabernan eta, Audientzia Nazionaleko Fiskaltzaren aginduarekin, "terrorismoaren apologia egin zezakeen edozer gauza kentzeko" esan zioten. "Niretako ez dago terrorismoaren apologia egiten duen ezer. Haien ustez zerbait bazegoen, beraiek kentzeko esan nien eta ez zuten egin" adierazi zuen. Ondotik jaso zuen Audientzia Nazionaleko zitazioa, inputatu gisa deklaratzera joateko. Horren harira, Mikel Aldasorok adierazi zuen presoen argazkiak ohikoak direla komunikabideetan, "poliziak berak zabaltzen ditu". "Hori ez da delitu, baina tabernan jartzea bai. Horrek erakusten du arazoa ez dela legalitatea, arazoa boterea dela" salatu zuen. Gaineratu zuen fiskalaren aginduaren aurrean, foruzainek bazutela aukera argazkia kentzeko. "Haiek kentzen ez badute, ez da ezer pasatzen, baina nik kentzen ez badut, desobedientzia delitua izan daiteke". Horren aurrean, "ziurtasun juridikorik eza" salatu zuen Derry tabernaren jabeak, "ez dago zuzenbide estatu baten egon behar litzatekeen legedi eta arauen gutxieneko errespeturik". "Audientzia Nazionalak hartu izan dituen erabaki larriak ikusita, tamalez, kasu honetan ere hark nahi duena gertatuko da" amaitu zuen. Komunikabide batzuen jarrera ere salatu zuen Mikel Aldasorok, "fiskala eta poliziaren bertsiora mugatzeagatik". Bestalde, agerraldian bat egin zuten herritarren babesa eskertu zuen. ElkartasunaAAM-k salatu zuen azken hilabeteetan "errepresiorik basatiena" pairatzen ari dela Euskal Herria eta "gero eta eremu zabalagoetara hedatzen" ari dela. Hor kokatu zuen Mikel Aldasorok Auzitegi Nazionaletik jaso zuen deia. "Euskal preso politikoen aurkako oldarraldia gero eta handiagoa da. Ikusezin bilakatu nahi dituzte jakitun direlako argazki bakoitza herri honetan dagoen gatazkaren erakusle dela" adierazi zuen mugimenduak. "Gure herritar Mikel Aldasorori gure babesik sendoena eskaintzeaz gain, aurrera begira, errepresioaren aurkako eta benetako konponbide baten aldeko lanari lotzeko deia luzatzen dugu" adierazi zuen taldeak.