Aitor Oiarbidek itxura ona eman du Kintopeko Txapelketan

Guaixe 2009ko irailaren 28a

Igandean Aizarnazabalen jokatutako Kintopeko edo Gazteen Euskal Herriko Txapelketan hiru harri jasotzailek hartu zuten parte: 20 urteko Jon Atxa gasteiztarrak, 20 urteko Iraitz Telleria urnietarrak eta 16 urteko Aitor Oiarbide etxarriarrak. Txapelketa ofizial batean plazaratzen zen lehenengo aldia zuen etxarriarrak. Hirurak 100 kiloko zilindro zaharrarekin eta 100 kiloko kuboarekin aritu ziren lanean, hain zuzen ere hiruna minutuko bi txanda eginez harri bakoitzarekin. Iraitz Telleria izan zen garaile. Guztira 4.300 kilo jaso zituen, 100 kiloko zilindroa 29 aldiz eta 100 kiloko kuboa 14 aldiz jaso eta gero. Haren atzetik sailkatu zen Atxa, guztira 3.700 kilo jasota (26 jasoaldi zilindroari eta 11 kuboari). Baina zalantzarik gabe Oiarbide gazte etxarriarrak egindako lana merituzkoa izan zen: 19 altxaldi egin zizkion 100 kiloko zilindroari eta 14 jasoaldi 100 kiloko kuboari, Telleriak egin zituenak bezala. Guztira 3.300 kilo jaso zituen 16 urteko etxarriarrak, oso lan txukuna eginez. Zilindro zaharrarekin apur bat kostatu zitzaion, baina kubikoarekin bikain moldatzen dela erakutsi zuen. Oiarbideren entrenatzaile eta Sakanako Aizkora Eskolako buru Mikel Lasarteren esanetan lan ona egin zuen Oiarbidek, kontuan hartuta 16 urte dituela, arerioek baino 4 gutxiago. "Hala ere ustekabean harrapatu zituen beste biak eta Aitorrek egin zuen lan txukunena edo teknikoena harri kubikoarekin". Beraz, kontentu dago entrenatzailea.