Etzi XXXIV. Mendira Joan-Etorria Etxarri Aranatzen

Guaixe 2009ko urriaren 2a

Udaberri elkarteak hainbat babesle eta laguntzailerekin batera antolatuta, igandean, hilak 4, mendira joan-etorriaren 34. edizioa jokatuko da Etxarri Aranatzen, ferietako ospakizunekin batera. Probak 10 kilometroko luzera du eta 600 metro inguruko desnibel pilatua. 1976an herriko 3 gazteren arteko apustu batetik sortu zen proba horretan parte hartzeko gutxieneko adina 16 urtekoa izanen da. Iaz 31 korrikalari lehiatu ziren, horietatik 20 sakandar. Baina proba Nafarroako Mendi Lasterketen I. Koparako baliagarria denez, hain zuzen ere aipatu probarako azken proba puntuagarria, espero da korrikalari gehiago animatuko direla Etxarritik Urbasako Bargara igo eta jaisteko lasterketan aritzera. Azken bost urteetan, Garinen errekorra hobetu ez arren, Arrasateko Zuhaitz Ezpeletak irabazi du mendiko joan-etorria eta ikusi beharko da aurten zer ematen duen lasterketak. Izena ematea zabalikUdaberri elkarteak 100 korrikalarira mugatu du parte hartzaileen kopurua. Dortsal horiek agortu arte eman daiteke izena, www.mendinavarra.com web gunean edo lasterketaren egunean bertan, 5 euro ordainduta. SariakJuan Mari Garinek du lasterketako errekorra. Zizurkildarrak 42 minutu eta 50 segundotan gelditu zuen erlojua 2001. urtean. Marka hori ontzen duen korrikalariak 200 euroko saria jasoko du. Bestelako sariak ere izanen dira, lehenengoarendako 120 euro eta garaikurra, bigarrenarendako 90 euro eta garaikurra eta 60 euro eta garaikurra jasoko ditu helmugan hirugarrenak. Aurreneko hiru etxarriarrek ere trofeoak jasoko dituzte, eta lehenengoari, gainera, 60 euro emanen zaizkio. Azkenik, beterano azkarrena ere sarituko da eta garaikurra jasoko du. udaberrielkartea@hotmail.comPosta elektroniko honetara joz nahi den informazioa eska daiteke.