Nafarroako I. Mailako Aizkora kanporaketa jokatuko da igandean Etxarri Aranatzen, eta aizkolari onenak ariko dira laneanAizkora zaleek euren kirol gustukoenaz gozatzeko aukera paregabea gertu dute, igandean, urriaren 4an, Nafarroako aizkolari onenak ariko baitira lehian Etxarri Aranatzen. Nafarroako Lehen Mailako Aizkora kanporaketa egonen da jokoan, 13:00etatik aurrera, eta ariko diren 9 aizkolariek dena emango dute final handirako sailkatzeko. Faborito nagusiaOndoko aizkolariak ariko dira: Floren Nazabal (Etxarri Aranatz), Juan Jose Lopez (Lezaun), Donato Larretxea (Arantza), Mikel Mindegia (Ezkurra), Juan Jose Barberena (Beruete), Antonio Senosiain (Olague), Aitor Senosiain (Olague), Manuel Kañamares (Arostegi) eta Ander Erasun (Ituren). Guztiek bina kanaerdiko, bina 60 ontzako eta oinbiko bana ebaki beharko dituzte. Lehen bost sailkatuek azaroaren 13an Donezteben jokatuko den finalerako txartela lortuko dute. Nazabal da kanporaketa irabazteko faborito nagusia, Larretxea eta Mindegiarekin batera. Jaioterrian itxura onena eman nahiko du iazko txapeldunak eta finalerako sailkatzea du buruan, eta bide batez kanporaketa irabazi ahal badu, primeran. Aurten bosgarren txapela lortzeko gogor ari da prestatzen Nazabal, eta igandeko kanporaketan, jakina, sakandar guztien babesa izanen du.