Zizak plazan eta platerean

Guaixe 2009ko urriaren 8a

Etxarri Aranazko dermioan dauden landare eta zizak ikusi eta ezagutzeko aukera aparta izanen da igandean,  herritik atera gabe gainera; plazan bertan. Arzabal elkarteak eta Mikologia eta Landare taldeak antolatu duten erakusketak emanen du horretarako aukera. Lehorteagatik, beste urte batzutan baino zailtasun handiagoak izan dituzte aurten; baina, hala ere, ez diote hutsik egin urteroko hitzorduari.Bixente Garziandia Bartze eta Jose Luis Eseberri omentzeko sortu zen erakusketa, horiek izan baitziren Etxarri Aranatzen mikologiaren harra zabaldu zutenak, eta asmo horixerekin jarraitzen du erakusketak. Haiek zizen eta landareen inguruan irakatsitakoa etxarriarrei eta bisitariei zabaldu nahi diete eta horregatik antolatzen dute erakusketa. Igandean Etxarri Aranazko plazara hurbiltzen denak hainbat mahaitan jarritako zizak eta landareak ikusteko aukera izanen du. Inork zalantzarik edo argibiderik behar izanez gero, ziurrenik igandean izanen duela norbait inguruan gauzak argituko dizkiona. .   Zizak naturak eman bezala ikusteaz gain, sukaldetik pasa eta gero dastatzeko parada ere izanen da. Iturri-Eder, Lekuona, Larraza, Iratxo eta Xapatero tabernek zizekin egindako pintxoak prestatu dituzte. Bestalde, antolatzaileek erakusketa prestatzeko garaian Larrañeta elkarteko mendi taldearen, udalaren, Goierriko Zurak enpresaren eta Insalusen laguntza izan dute.