Nazabalen erakustaldia jaioterrian

Guaixe 2009ko urriaren 5a

Etxarriko feriek Nafarroako Lehen Mailako Aizkora Txapelketako kanporaketa hartu zuten igandean. Euskalerriari pilotalekua beteta zegoela erakustaldi ederra eman zuten lehian aritu ziren bederatzi aizkolariek. Etxean zebilen Floren Nazabal eta nabaritu egin zen, animu oihu nagusienak berarendako izan zirelako. Egia esan, jaun eta jabe izan zen Etxarrikoa: bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta oinbikoa mozten azkarrena izan baitzen (11:40), Donato Larretxeari ia bi minutuko aldea atereaz (12:36). Juan Jose Lopez lezaundarra izan zen hirugarrena (13:31), eta maila bikaina eman zuen 61 urteko Migel Mindegia beteranoak, laugarren sailkatu baitzen (14:22), Antonio Senosiainen aurretik (15:14). Aipatutako bost aizkolariak Nafarroako Lehen Mailako Txapelketako finala jokatzeko faboritoak ziren eta ez zuten huts egin. Finala azaroaren 13an jokatuko dute, Donezteben. Beste aizkolarien lanari dagokionez, Jose Juan Barberena seigarren sailkatu zen (15:26), Manuel Kañamares zazpigarren (16:48), Ander Erasun zortzigarren (16:50) eta Aitor Senosiain bederatzigarren (17:55). Aitor Senosiainek eta Antonio Jaunarenak - azken horrek ez zuen kanporaketa jokatu eta erretiroa hartzea pentsatzen ari omen da - maila galduko dute eta bigarrenean lehiatuko dira.