Udaletxeko teilatu-hegaleko harria lurrera

Guaixe 2009ko urriaren 7a

Susto galanta hartu zuen ostiral gauerdian herriko gazte batek. Etxarri Aranazko udaletxearen aurretik pasa eta gutxira, harritzar galanta jausi zen teilatu-hegaletik. Zorionez kalte material txikiak baino ez ditu sortu. Hala ere, erorketaren arrazoiak argitu arte, hesitu egin dute udaletxe aurrea.  Zartatutako harriak 65 bat zentimetroko luzera eta 20 bat zentimetroko altuera eta zabalera ditu. Udaletxeko balkoi nagusiaren barandarekin tupust egin eta bitan zatitu zen harria. Balkoiaren barruko aldean geratu zen zatirik handiena eta bestea espaloira erori zen. Istripuaren berri izanda, astelehen goizean suhiltzaileak deitu zituzten udaletik, eta udaletxearen harrizko teilatu-hegala aztertu zuten arkitektoak, aparejadoreak eta suhiltzaile batek. "Zorrotearen bilketa puntua dago zartatutako harriaren gainean. Ur filtrazio bat egon daiteke hor" azaldu digu udaleko aparejadoreak. "Alde simetrikoko bilketa puntuan ere harria lehertu daiteke" gaineratu du. Beharrezko azterketak egin bitartean, hesituta egonen da udaletxe aurrea eta markesina bat jarriko dute udaletxeko sartu-irtenak segurtasunez egiteko.