Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Larunbatean Atarrabian jokatutako partidan ostiralean zoritxarrez hildako Alejandro haurtxoa izan zuten gogoan Beti Onak eta Etxarri Aranatz futbol taldeek eta zelaira hurbildu ziren zaleek. Egia esan jokatutako partida nahiko zakarra izan zen, eta lehen zatian Beti Onak taldekoak gehiago aritu ziren protestan futbolean jokatzen baino. Horrela, 25. Minutuan Etxarri aurreratu zen, Salinasek penaltiz sartutako golari esker. Bigarren zatian Atarrabiakoek jarrera aldatu zuten eta bi taldeak ongi aritu ziren futbolean, baina markagailua ez zen gehiago mugitu eta hiru puntuak Etxarrira etorri ziren. Lekunberrin bana berdindu zuten Beti Kozkorrek eta Altsasuk. Partida lehiatua izan zen, eta zortzigarren minuturako altsasuarrak aurreratu ziren, Davidek sartutako gol bati esker. Atsedenaldirako gutxi falta zenean Lekunberriko Roberrek berdintzea lortu zuen. Bigarren zatian Altsasu 9 jokalarirekin geratu zen, arbitroak txartel hori bikoitzagatik David kaleratu eta txartel gorriarekin Iban etxera bidali zuelako. Lekunberrikoak gehiago erasotzen saiatu ziren baina altsasuarrek ongi agoantatzen jakin zuten eta berdinketa mantendu zuten, emaitza ontzat joz. Erregional mailako hirugarren multzoko liderra Etxarri Aranatz da, 13 punturekin. Altsasu hamabigarrena da, 5 punturekin. Larunbatean San Donato futbol zelaian jokatuko du Etxarrik, sailkapenean hamabosgarrena den Amigo taldearen kontra. Aldiz, Beriainen ariko da Altsasu sailkapenean laugarrena den Beriainen kontra. Ea jokoan dauden puntu guztiak gurera heltzen diren.