Nazabal beste txapel bat janzteko prest

Guaixe 2009ko urriaren 15a

Egur Sportek antolatutako Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketan sailkatutako sei aizkolari onenak - Nazabal, Arrospide, Larretxea, Lopez Azpilikueta, Arria V. eta Azurmendi - Urrezko Aizkolari Txapeldunen Ligan aritu dira parte hartzen. 17 jardunaldi jokatu eta gero sailkatutako lehen lau aizkolari onenek kopako final handia jokatuko dute bihar, urriaren 17an, larunbatean, Altsasun. Jaialdia Burunda pilotalekuak hartuko du, 18:00etatik aurrera. Ondoko aizkolariak izan dira kopako finalerako sailkatu direnak: Larretxea (28 puntu), Nazabal (28 puntu), Arrospide (19 puntu) eta Lopez Azpilikueta (16 puntu). Arria V (7 puntu) eta Azurmendi (5 puntu) finaletik kanpo geratu dira. Etxarriarra faboritoBada, goi mailako aizkora ikuskizuna jokatuko da bihar Altsasuko ferietan. Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketan txapela jantzi zuen Floren Nazabal da txapeldunen ligako kopako txapela janzteko faborito nagusia, baina Donato Larretxea oso gertutik du. Izan ere, biak parez pare aritu dira ligan, puntu kopuru berbera eskuratu baitute. Hala ere, Etxarriko ferietan jokatutako Nafarroako lehen mailako txapelketako kanporaketan Nazabal Larretxea baino hobe aritu zen, eta horregatik zaletu askok larunbateko txapela Florenen buruan ikusten dute, etxarriarra sasoi bikainean baitago. Hortaz, ikuskizuna segurtatuta dago bihar Burunda pilotalekuan Bost lanFinala jokatuko duten aizkolariek bost lan egin beharko dituzte: 45 ontzakoa zenbat kolpetan moztu; 45 ontzakoa erlojuaren kontra moztu; 45 ontzako bi enbor moztu, bata zutik eta bestea etzanda; 60 ontzakoa moztu; eta lan luzea, 60 ontzako bi enbor eta bi kana erdiko moztu. Beste ikuskizunaAizkolarien lanaz gain, Joxe Lapazaran lastoa altxatzen ariko da, Jose Mari Mendizabal aizkolari beteranoak 80 ontzako enborra moztuko du eta Iñaki eta Inaxio Perurena harri jasotzean ariko dira.