Beste bi txapel Nazabalendako

Guaixe 2009ko urriaren 19a

Larunbatean Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligako eta Kopako txapelak jantzi zituen Floren Nazabal etxarriarrak, larunbatean Altsasuko ferietan sekulako erakustaldia emanda. Berez Kopako finala zegoen jokoan, baina Nazabal eta Larretxeak Ligan berdinduta bukatu eta gero, Ligako txapela ere erabaki zen Kopako finalean. Eta bi txapelak etxarriarrarendako izan ziren, bera izan baitzen Burunda pilotalekuko saioko onena. Sekulako jendetza bildu zen finalaz gozatzeko asmoz, egungo aizkolari onenak aritu baitziren lanean: Nazabal, Larretxea, Arrospide eta Lopez Azpilikueta. Saioa polita izan zen, nahiz eta lehen posturako ez zen emoziorik izan, hasieratik bere nagusitasuna erakutsi baitzuen Etxarrikoak. Finalean guztira 36 enbor ebaki behar ziren, bost lanetan banatuta. Nazabalek emandako egurra Iturmendikoa zen, eta Larretxeak emandakoa Iratikoa. Bost lanetatik lau irabazi zituen etxarriarrak - 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu; 45 ontzako bi enbor moztu, bata zutik eta bestea etzanda; 60 ontzakoa ebakitzea; eta lan luzea, 60 ontzako bi enbor eta bi kana erdiko moztu - . Lopez Azpilikueta izan zen 45 ontzakoa erlojuaren kontra mozten azkarrena. Hortaz, aukera gutxi eman zien etxarriarrak kontrakoei, jaun eta jabe izan baitzen. Egungo aizkolari onena dela demostratu zuen atzera ere etxarriarrak. Minutu eta 33 segundo atera zizkion txapeldunorde izan zen Donato Larretxeari. "Helburua hasierako probetan aguantatu eta lan luzean erasotzea zen, baina hasieratik erasotzera atera naiz eta ongi ikusi dut nire burua, nahiko eroso irabazi dut" zihoen etxarriarrak. Jokatzear dauden Nafarroako eta Euskal Herriko Aizkora Txapelketako finalei dagokienez, irabazten saiatuko dela adierazi zuen etxarriarrak. Sailkapena1.Floren Nazabal: 13:092.Larretxea: 14:423. eta 4. Arrospide eta Lopez Azpilikueta, berdinduta: 15:31