Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) jakinarazi duenez, Espainiako Epaitegi Gorenak 10 urteko espetxe zigorra ezarri dio Hodei Ijurko Irozi. AAM-k zabaldutakoaren arabera lehergailuak izateagatik lau urteko zigorra jarri dio epaitegiak eta hiruna autoritateari atentatu egin izana eta desordena publikoak egin izana egotzita. Horrekin batera 14.000 euroko isuna ere jarri dio epaitegiak. Aurretik Espainiako Auzitegi Nazionalak 16 urteko espetxe zigorra eta 25.000 euroko isuna jarri zion. Zigor hura neurrigabea zelakoan garagarrilean manifestazioa egin zen Etxarri Aranatzen. Epai berriaren inguruan AAM-k adierazi du "argi dago Hodei Ijurkori zigor eredugarri bat jarri nahi izan zaiola hasieratik, eta orain zigorra jaitsi dioten arren, izugarria izaten jarraitzen du". Zigorraren oinarrian "arrazoi politikoak" daudela nabarmendu du AAM-k. Bestalde, gogora ekarri dute "atxilotu zutenetik Ijurkoren aurkako jarrera argia izan dutela". Hodei iazko martxoaren 9an atxilotu zuten Iruñean. Alde Zaharrean bi foruzainen aurka bi molotov koktel jaurtitzea egotzi zioten. Gazteak salatu zuen jo egin zutela, eta sei zentimetroko ebakia egin ziotela, baina segurtasun indarren arabera, gazteak jarrera oldarkorra erakutsi eta zauritu zen, agenteak kolpatzeaz gain. Ijurkok gertaera horregatik salaketa jarri zuen Iruñeko epaitegian. Egun A Lamako (Pontevedra) espetxean dago. Aurretik hainbat espetxe ezagutu ditu eta denbora asko bakartuta egon da.