Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Etxarri Aranazko Antzerki Zikloak lan ikusgarri eta berezia ekarriko du bihar, 20:30ean, herriko kultur etxera: Jon Barbarin Locus desertus ikuskizuna. Basamortuko lekua. Horixe da Locus desertus-en esanahia. Izenburu hori aukeratu zuten Jon Barbarin antzezleak eta Mercedes Castaño zuzendariak, "basamortuak bakardadea iradokitzen duelako eta latinezko izenburuak eromena dakarrelako burura". Arakildarrak bere bi pasioak uztartu ditu lan pertsonal honetan: antzerkia eta dantza. Bi arte adierazpenen bidez barru-barruko sentimenduak kanporatzen saiatuko da. Ia testurik gabeko antzezlana izanen da, "gorputzak hitz eginen du eta". Izerdia, bakardadea, sentimenduak, nekea... ezinbesteko heriotzaren zain dagoen gizon baten azkeneko arnasa da antzezlana.ErrekonozimenduaIlbeltzean mustu zen aipatu ikuskizuna Irurtzungo kultur etxean. Orduz geroztik, batetik bestera eraman dute lana. Locus desertus dantza-antzerkiak abenduan eginen du orain arteko bidaiarik luzeena, Argentinan ospatuko den Iberoamerikako V. Antzerki Jaialdian parte hartzera gonbidatu baitute. 300 lanen artean sailkatutako 45 egitasmoen artean dago arakildarrarena. Sailkapenak agerian uzten du Jon Barbarin eta Mercedes Castañoren lan ona.