Etxarriko lokalean hezitako musikariak kontzertuan

Guaixe 2009ko azaroaren 26a

Etxarri Aranazko entsegu-lokalean sortu eta hezi diren musikariek bat eginen dute bihar, 20:30ean, Etxarriko Gaztetxean. Helburu batek bildu ditu musikari guztiak: jaiotzen ikusi dituen lokala egokitu nahi dute. "Hamaika kontzertu egin ditugu besteei laguntzeko. Oraingoan musikariendako izanen da kontzertua" esan digu Luisillo Kalandrakak. "Talde bakoitza bere materialarekin aritu beharrean, guztiendako baliabide duinak lortzea nahi dugu" gehitu du. Horretarako baliatuko dute kontzertuan lortuko duten dirua. 3 euro balioko du sarrerak.KontzertuaEtxarriko lokalaren historia islatuko du biharko kontzertuak. Urteetan atzera egin eta 80ko hamarkadaren amaierara eramanen gaitu Burni taldeak. A-tributo taldeak ere eskaintza polita eginen die nostalgikoenei: 80 eta 90eko hamarkadako heavy taldeen bertsioak eginen dituztela iragarri dute. 90eko hamarkadan musikan murgildu ziren lagunek osatu dute aipatu taldea, besteak beste Kontraesaka, Ieitza eta Hesian taldeetan aritutako musikariek.Egun indarrean dauden taldeak ere izanen ditugu. Etxarriarrak astintzeko prest igoko da agertokira Egurre. Vendettak, berriz, dantzan jarriko du Gaztetxea. Musikari esperimentatuek, hasi berriei eginen diete lekua: estreinako kontzertua izanen da Orangutan Swimming taldearendako. Etxarriko lokalak etorkizun oparoa duela agerian utziko dute. Taldeen sorlekuKultur etxeko kortan dago musikarien lokala. Eraikina obretan zegoenean Musika Eskolako bajeran egon bazen ere, hori izan du toki tradizionala. Txoko bat zein beste, zenbait talderen sorreraren testigu izan dira: Burni, Ortzi, Kontraesaka, Ieitza, Alkaloide, Etxarriko Gaiteroak, Mundiñano Anaiak, Egurre, Hesian, Los Hurakanes, Vendetta eta abar. Horietan hasitako zenbait musikari Euskal Herriko eta atzerriko agertokitara igo dira Hesian, Kaotiko, Akelarre, Skalariak edo Vendetta bezalako taldeetan. Horrez gain, lokalean sortu dira herriko musika jaialdi edo kontzertu berezi gehienak: euskal rockaren kontzertua, musikarien kontzertu ibiltaria eta abar.