Hiru minutu pasako tartea atera zion Lopez Azpilikuetari, maisu denaren seinale. Goi mailako erakustaldiaz gozatzeko aukera izan zuten Arbizuko kiroldegia ia bete egin zuten zaleek1. Floren Nazabal (Etxarri Aranatz): 37:202. Juanjo Lopez Azpilikueta (Lezaun): 40:253. Iñaki Azurmendi (Arriaran): 41:074. Jexuxmari Mujika (Ibarra): 41:185.Joseba Otaegi (Zizurkil): 44:355.Antonio Senosiain (Olague): 46:28Erakustaldi bikaina eskaini zuten igandean, Arbizun, Euskal Herriko Maila Nagusiko final handia jokatu zuten sei aizkolariek. Eguraldi petralari aurre eginez 400 ikusle pasa bildu ziren Arbizuko kiroldegian, eta gozatu ederra hartu zuten ikuskizunarekin. Pronostikoek ez zuten huts egin, eta Floren Nazabalendako izan zen txapela, Juanjo Lopez Azpilikueta bigarrenari 3 minutu eta 5 segundoko aldea atereaz. Nagusitasun osoz eta erakustaldia emanda Euskal Herriko bere bosgarren txapela jantzi zuen etxarriarrak, gainontzeko aizkolarien gainetik koska bat gorago dagoela demostratuz. Aizkolari bakoitzak 12 enbor moztu behar zituen: lau kanaerdiko, lau 60 ontzako eta beste lau oinbiko. Pago enborrak Sakanako herri-kirolzaleek prestatu zituzten; Urbasatik ekarriak ziren eta bikain, oso onak atera ziren. Aizkolariek oso erritmo bizian ekin zioten lanari eta lehen enborra mozten azkarrena Azurmendi izan zen. Bigarren enborrean Nazabal jarri zen aurretik eta lanak bukatu arte hala jarraitu zuen, tarte handia atereaz eta erabateko nagusitasunarekin, aizkora kolpeek ia nekatuko ez balute bezala. Jarrera lasaia zuen, egoerak berarekin zerikusia izango ez balu bezala. Berehala hartu zuen abantaila etxarriarrak, eta txapela jantziko zuela argi zegoen. Bigarren postua lortzeko lehia, aldiz, handia izan zen. Azurmendi, Mujika eta Lopez aritu ziren borroka horretan, Otaegi atzean geratu baitzen, bosgarren postuari eusten, eta Senosiain azkena baitzen, geroz eta atzerago geratzen. Bigarren postua zehazteko emozioak bukaerara arte iraun zuen, zaleen gozamenerako. Bigarren postua Lopezen eta Azurmendiren artean erabakiko zela uste zen, baina maila nagusiko finalean lehen aldiz aritu zen Mujikak lan bikaina egin zuen, bigarren postuko peleia horretan sartu baitzen. Une batzuetan ere bigarrena izan zen Mujika, baina azkenean Lopezek ihes egin zuen, bigarrena sailkatuz eta hirugarren postua lortzeko lehian Azurmendi nagusitu zitzaion Mujikari, 11 segundoko aldearekin. Disfrutatzeko garaiaNazabal ez da emozioak gehiegi demostratzen dituen gizona, eta nagusitasunez irabazita ere lasai eta umil aritu zen hizketan, nahiz eta pozik zegoela onartu. "Eskuak nahiko hotz nituen hasieran baina berotzen joan naizen bezala gustura aritu naiz, erritmoa mantendu dut eta lan erdietarako ikusi dut alde handi samarra nuela, eta irabazteko moduan nintzela" zioen txapeldunak. Hiru minutuko aldea atera zion bigarrenari, eta aizkoran hori asko da. Hortaz, txapel gehiago janzteko moduan dago Nazabal. 1990. urtetik hasi zen finaletan aritzen, baina asko kosta zitzaion bere lehen txapela janztea, izar handien garaia izateaz gain, nerbioek pasada galanta ematen baitzioten. Baina bere burua kontrolatzen ikasi eta gero etorri ziren emaitzak. "18 txapelketa badaramatzat eta beste bi lesionatuta egon nintzen. Urte batzuetan asko sufritzea tokatu zitzaidan eta lehen txapela lortzea asko kosta zitzaidan, baina badirudi disfrutatzeko garaia iritsi dela" azaldu zuen, bosgarren txapelak hurrengo urtean lanean jarraitzeko ilusioa eman diola gaineratuz. Lopezek adierazi zuen Nazabal irabazteko "urte guztia aizkorarako bakarrik egon behar duzula, eta hala ere, zaila izango dela". Hortaz, eta bigarrena izateko sufritu izanagatik, pozik zegoen. Azurmendik azaldu zuen ez zela oso gustura aritu, gerrian dituen arazo batzuek ez diotelako behar bezala aritzen utzi. Mujika, aldiz, oso gustura zegoen, bere lehen finalean lan bikaina egin zuelako eta bigarren eta hirugarren postuen borrokan aritu zelako. Otaegi konforme zegoen finalerako sailkatu eta bosgarren izatearekin, lana luze egin zitzaiola onartu eta gero. Eta Senosiain azkena izan zen. 18 finaletan 5 txapelEtxarri Aranazko aizkolariak 18 final jokatu ditu Euskal Herriko Maila Nagusiko Aizkora Txapelketan. Igandean bosgarren txapela jantzi zuen Arbizun, 2009koa, 2002an, 2004an, 2007an, eta 2008an lortutakoen atzetik. Lortutako bost txapelak kontuan hartuta Nazabalek bigarren denborarik onena egin zuen igandean Arbizun, 2002an lehen txapela lortu zuenean egin baitzuen denborarik onena (34:56). Iazko finalarekin alderatuz minutu bat eta 25 segundoan hobetu zuen bere marka.