Nazabalek Jauregirekin osatuko du bikoa

Guaixe 2009ko abenduaren 31

Egur Sportek antolatutako Urrezko Aizkolarien Binakako Txapelketa martxan dago. Guztira 12 biko ariko dira, lau multzotan banatuta. A multzoan berriki Euskal Herriko maila nagusiko txapela bosgarrenez jantzi duen Floren Nazabal etxarriarra ariko da, Arabako Lezeko Arkaitz Jauregi gaztea biko duela. Binakako txapelketan ohikoa da aizkolari esperientziadunak aizkolari hasiberriekin jartzea, txapelketa orekatzeko asmoz, baina Arkaitz Jauregiren progresioa ikaragarria izan da. Sakanako Aizkora Eskolan hasi zen formatzen arabarra, Florenen aita Juan Mari Nazabalekin, Jose Inazio Floresekin eta Floren berarekin. Bada, ikaslea eta irakaslea taldekide bihurtu dira Binakako Txapelketan. Ziurrenik esperientzia zoragarria izanen da Jauregirendako. Nazabal eta Jauregi gaur sartuko dira lehian. Gaur 16:30etik aurrera Asteasun antolatutako jaialdian bere multzoko Antonio Senosiain I eta Aitor Senosiain II izanen dituzte arerio. Binakakoan edozer gerta daiteke, baina printzipioz etxarriarra eta Lezekoa dira faborito. Segidan B multzoko lehia izanen da: Arria V. eta Txapartegi Zubiaga eta Mujikaren kontra ariko dira. Jaialdi berean Iñaxio Perurenak 300 kiloko harria igotzeko saiakera eginen du. LanaBiko bakoitzak guztira 6 proba osatu beharko ditu: aizkolari bakoitzak 45 ontzakoa erdibitu beharko du kolpeka; zutik dagoen 60 ontzakoa erdibitu beharko dute, txanda librean; erlojuaren kontra 45 ontzakoa ebaki beharko du aizkolari bakoitzak; zutik eta etzanda dauden 45 ontzako bi enborretan, aizkolari batek bertikala moztu beharko du eta besteak horizontala; abiadura proban 60 ontzako bi enbor moztu beharko dira, aizkolari bakoitzak bana; eta bukatzeko, erdiluze lana: 45 ontzako bi enbor, 54 ontzako 2 enbor eta 60 ontzako bi enbor erdibitu beharko dituzte, txanda librean. Multzo bakoitzeko bi biko onenak pasako dira final laurdenetara. 12 aizkolariakA multzoa: Juanjo Lopez Azpilikueta-Ugaitz Mugerza II; Antonio Senosiain I-Aitor Senosiain II; eta Floren Nazabal eta Arkaitz Jauregi.B multzoa: Anjel Arrospide-Ander Erasun; X. Orbegozo "Arria V"-Luis Txapartegi; eta Jesus Mari Mujika-Juan  Angel Zubiaga. C multzoa: Unai Otaño-Jesus Mari Lasa; Jon Rekondo-Aitzol Atutxa II; eta Fausto Mugerza I-Felix Etxeberria.D multzoa: Iñaki Azurmendi-Jose Ugarteburu; Donato Larretxea-Oihan Larretxea; eta Jose Mari Olasagasti-Jose Etxebeste