Itxura ona eman du Zubietak

Guaixe 2010eko urtarrilaren 11

Bengoetxea VI.aren eta Belokiren kontra galdu egin zuten Xalak eta Zubietak, baina ongi aritu zen Etxarrikoa. Astelehenean Olaizola II.a eta Mendizabal II.a izanen dituzte arerioHasi da EPEL-en Binakako Pilota Txapelketa. Guztira 8 biko ariko dira lehian, lau biko enpresa bakoitzeko. Ordezkari sakandar bakarra dugu, 23 urteko Aitor Zubieta atzelari etxarriarra. Bi urtez ordezko izan da etxarriarra eta iaz hala sartu zen, min hartuta zegoen Laskurain ordezkatzeko. Xalarekin batera aritu zen, lan ederra eginez. Bada, aurten Aspek hasieratik egin du atzelari etxarriarraren aldeko apustua eta hain zuzen ere aurten Yves Salaberri Xalarekin osatuko du bikoa. Ezusteko handiena da iazko garaile Fernando Goñi ez dela ariko. Nonbait "berritasunaren aldeko apustua" egin du Aspek eta Zubieta, Beroiz, Laskurain eta Pascual hautatu ditu atzelari lanetarako. Txapelketari dagokionez, lehen fasean biko guztiak guztien kontra ariko dira lehen fasean, eta berrikuntza moduan partidatan sake bakarra egongo da. Pasa eginez gero, ez dute bigarren aukerarik izango. Sistema horixe bera erabiliko da 2010eko txapelketa guztietan. Zubieta handiaAsteburuan txapelketako lehenengo jardunaldia jokatu da. Xalak eta Zubietak Bengoetxea VI.a eta Beloki izan zituzten aurkari, eta aurreikusi moduan, Tolosako Beotibarren jokatu zen lehia oso gogorra izan zen. 15-22 irabazi zuten Bengoetxea VI.ak eta Belokik, baina lan handia egin behar izan zuten, Xalak eta Zubietak oso estu hartu zituztelako. Partida ona izan zen, borrokatua. Guztira 720 pilotakada jo zituzten, orain arteko partida luzeena. Irabazleak fin ibili ziren, baina galtzaileek ere ongi jokatu zuten, Aitor Zubietak bereziki. Kolpez fresko dago etxarriarra eta bere pilotarekin Beloki mendean izan zuen tarte batean. Aldiz, Xalak erasoan egindako hutsak ugariak izan ziren eta ez zen fin ibili errematean. 3-12 aurreratu ziren Oinatz Bengoetxea eta Beloki, eta bote handiko pilota bizia aukeratu zuten Aspekoek, egoerari buelta eman eta partida atzera eramateko. Bengoetxeak atzera egin zuen, baina, hala ere, aurrelaria saihestea lortu zuten, eta Zubieta jaun eta jabe izan zen kantxa erdian, ezkerrez eta eskuinez luze joz. Belokik ez zuen men egiten baina gutxinaka 11-13ra gerturatzea lortu zuen Aspekoak. Bengoetxeak Beloki lagundu zuen eta sakea berreskuratu zutenean pilota aldatu zuten. Horrela, suspertu egin ziren eta gutxinaka tantoak pilatzen hasi ziren, galtzaileen akatsek lagunduta, Aspekoen zenbait pilota txapara joan baitziren. 15-22 galdu zuten Xalak eta Zubietak, baina partida ederra izan zen eta itxura ona eman zuen etxarriarrak. Zorte txarra izan zutela adierazi zuen Zubietak, baina, horrela jarraituz gero, torneoan ongi aritu ahal direla nabarmendu zuen. Olaizola eta Mendizabal zainAsteburuan txapelketako bigarren jardunaldia jokatuko da. Xalak eta Aitor Zubietak biko gogorra izanen dute arerio: Aimar Olaizola eta Oier Mendizabal. Titin eta Pascualen kontra 22-14 galdu eta gero irabaztea dute buruan Olaizola II.ak eta Mendizabal II.ak, eta Xala eta Zubieta egoera berberean daudenez, duten guztia ematera aterako dira lauak, lehen garaipena lortzeko. Partida astelehenean jokatuko da, ilbeltzaren 18an, Mungian, 17:00etatik aurrera. ETB-k gauean eskainiko du, Goenkale eta gero. Pilota aukeraketa atzo egin zuten. Olaizola eta Mendizabal dira faborito, baina Xala eta Zubieta biko arriskutsua da, irregularra: aingeruen moduan zein akatsekin aritu daitezke. Hortaz, ikusmina handia da eta partida borrokatua espero da. Zortzi bikoakMartinez de Irujo-BeroizTitin III.a-PascualBerasaluze VIII.a-Begino Bengoetxea VI.a-BelokiXala-ZubietaGonzalez-LaskurainOlaizola II.a-Mendizabal II.aOlaizola I.a-Ruiz