Erdozia eta Saralegik aurrera

Guaixe 2010eko urtarrilaren 25a

Igandean abiatu zen Egur Sportek antolatutako Zilarrezko Aizkolarien Binakako txapelketa. Bertan maila apalagoan edo prestatzen dabiltzan aizkolariak ari dira, esperientzia dutenekin batera. Guztira 10 biko ariko dira, bi multzotan banatuta. Hiru sakandar ariko dira lanean: Iñaki Vazquez "Sakana" altsasuarrak eta Goizeder Beltza etxarriarrak bikoa osatuko dute, eta horretaz gain Juanjo Erdozia etxarriarra ariko da lanean, kasu honetan Eneko Saralegi lagun duela. Bada, lehenengo kanporaketan aipatu hiru sakandarrak aritu ziren lanean. Iñaki Vazquez "Sakanak" eta Goizeder Beltzak Juanjo Erdozia eta Saralegi II.a izan zituzten arerio Lekunberrin. Bost lan egin behar zituzten (45 ontzakoa kolpeka, 45 ontzakoa erlojuaren kontra, 36 ontzakoa zutik eta 45 ontzakoa etzanda ebaki, 60 ontzakoa abiaduran moztu eta 54 ontzako lau enbor ebaki) guztira 20 enbor erdibituz. Erdozia eta Saralegi II.a izan ziren azkarrenak (13:15), Vazquez eta Beltzari 19 segundo eskas atereaz (15:34). Laurek itxura ona eman zuten, baina Erdoziak eta Saralegi II.ak lortu zuten txapelketan aurrera egitea, Vazquez eta Beltza bidean geratuz. Igandean Garita eta Mendieta aurkariAsteburuan segida izango du Zilarrezko Aizkolarien Txapelketak. Igandean, Mallabian, 17:30ean Juanjo Erdoziak eta Saralegi II.ak Xabier Garita eta Julen Mendieta izanen dituzte arerio. Egin beharreko lana, berbera: bost lan, guztira 20 enbor erdibituz. Eta etxarriarrak eta leitzarrak aurrera egiten duten.