Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Bi jardunalditan galdu eta gero, Xalak eta Aitor Zubietak azkenean lortu zuten euren lehen garaipena eta lehen puntua pilatzea. Ostiralean gertatu zen hori, Berasaluze VIII.aren eta Beginoren kontra Irunen jokatutako lehian, Lekuinekoak eta Etxarrikoak bikain jokatu eta 15-22 gailendu eta gero. Orain arte Xalak eta bereziki Zubietak egindako lan onak merezitako saria jaso zuen Irunen, pronostiko guztiak aurka bazituzten ere Berasaluze eta Begino irabaztea lortu zutelako. Aitor Zubietak bikain jokatu zuen eta atzeko koadroetan Begino baino gehiago izan zen, hura argi dominatuz. Bikain gozatu zuen pilotarekin, ezker-eskuin, pilota asko baztertuz. Baina gakoa akaso Xalaren jarreran egon zen, lapurtarra hasieratik sartu baitzen partidan eta azken bi jardunaldietan ez bezala zortea bere alde izan eta ongi errematatu zuen; fin ibili zen jokaldiak bukatzen. Hala ere lan handia egin behar izan zuten Berasaluze VIII.a eta Begino irabazteko. Ildo honetan, Asegarceko bikotea ez zen euren mailara gerturatu ere egin. Asier Olaizola eta Patxi Ruiz, aurkari zuzenakBinakako Txapelketa pil-pilean dago, ez baitago garaipenik lortu ez duen bikorik. Irujo eta Beroizek 3 puntu dituzte, Titinek eta Pascualek eta Gonzalezek eta Laskurainek bina puntu eta gainontzeko 6 bikoek puntu bana. Hortaz, asko dago erabakitzeko asteburuan jokatuko den laugarren jardunaldian. Xalak eta Zubietak Asier Olaizola eta Patxi Ruizen tokia hartu duen Alesis Apraiz izanen dituzte aurkari astelehenean, otsailaren 1ean, Tolosako Beotibarrean 16:30ean hasiko den jaialdian. Ruiz lesionatuta dago eta bizkaitarrak hartuko du bere lekua. Bi bikoek puntu bana dauzkate eta bigarrena lortzeko dena emango dute. Espero dezagun Xalak eta Zubietak azken partidan izandako jarrera berarekin jarraitu dezaten, bigarren puntua lortzeko. Dena den, ez dute erraz izango. Partida Goenkale ondoren eskainiko du ETB 1ek.