Xalak eta Zubietak Asier Olaizola eta Apraiz dituzte aurkari gaur Tolosan

Guaixe 2010eko otsailaren 1a

Eskuz Binakako Txapelketako laugarren jardunaldia ixten duen partida jokatuko da gaur Tolosako Beotibarren, 16:30etik aurrera. Jaialdia zabaltzen duen partidan Cabrerizo II.aren kontra ariko da Alberto Ongay satrustegiarra. Partida nagusian erronka zaila dute Yves Salaberri Xalak eta Aitor Zubieta etxarriarrak: Asier Olaizola eta Patxi Ruizen tokia hartu duen Alexis Apraiz menpean hartzea. Egoera berberean daude bi bikoak, soilik partida bat irabaztea lortu baitute. Hortaz, irabaztera aterako dira, puntuak oso garesti baitaude. Ea Xalak eta Zubietak azken jardunaldian erakutsitako joko bikaina egiten duten. Egia esan Aitor Zubietak maila ona eman du txapelketan, baina Xalari txapelketan sartzea kosta egin zaio. Bestalde, Alexis Apraizek debut ona egin nahiko du eta giroa pil-pilean izanen da. Atzeko koadroetan dabiltzan bi erraldoien lehia ikusgarria izango da, Aitor Zubietak 1,95eko altuera baitu eta Alexis Apraizek 1,99. Ea nork lortzen duen bigarren puntua eskuratzea. Partida ETB 1-ek eskainiko du gauean, Goenkaleren ondoren. Gorriti Burgoseko Irekiko finalerdietanJon Gorriti atzelari uhartearrak Frontisek antolatutako Binakako Burgoseko Irekiko finalerdietan egotea lortu du, Mikelekin bikotea osatuta Jorge Nagore eta Arzelus final laurdenetan irabazi eta gero. Lehen jokoan Nagore eta Arzelus nagusitu ziren (10-7), baina bigarrenean gehiago arriskatu zuten Mikelek eta Gorritik eta jokoa irabaztea lortu zuten (6-10). Hirugarren eta azken jokoan 3-5 gailendu ziren Gorriti eta Mikel. Partida ona egin zuen uhartearrak. Horrela, asteburuan finalerdiak daude jokoan. Ostiralean, 19:00etan, Lavaderosen, Mikelek eta Gorritik Alvaro Gomez eta Zabala izango dituzte aurkari. Beste finalerdian Antxia eta Mitxelena Bengoetxea VII.aren eta Altunaren kontra ariko dira. Finala otsailaren 7an jokatuko da. Jorge Nagore lesionatutaFrontisen dabilen Jorge Nagore pilotaria eta egun Frontisen CPA edo Zirkuitu Profesionaleko buru dena mina hartuta dago eta 15 egunetan bajan egongo da. Irurtzundarrak ezker eskuko behatz batean arazoak dauzka aste batzuez geroztik eta medikuek nahiago dute pilotariak atseden hartu eta behatzaren errekuperazioa behar bezala egitea. "Sindrome del dedo frio" izenekoa du Nagorek, gaitz oso ohikoa pilotarietan, eta zenbaitetan kirofanotik pasatzea eskatzen du. Nagorek espero du kirofanotik pasa gabe osatzea eta Bizkaiko Irekirako prest egon nahi du. Emaitzak. Atzo Eibarko Astelenako jaialdia ixten zuen partidan, Apezetxeak 18-7 irabazi zion Alberto Ongayri.