Bengoetxea eta Otxandorena zain

Guaixe 2010eko otsailaren 2a

Yves Salaberri Xalak eta Aitor Zubieta etxarriarrak garaipena lortu zuten astelehenean Tolosan Asier Olaizola eta Apraizen kontra jokatutako partida gogor eta korapilotsuan. Distira gutxiko partida izan zen, latza, huts askokoa, baina Xala izan zen une erabakigarrian agertu zena eta horregatik 18-22 irabazi zuten Aspekoek. Txapelketan goraka egiten ari dira Xala eta Zubieta. Partida zailetan ere mugitzen badakitela agerian utzi zuten. Eurak ziren akaso partida irabazteko faboritoak, baina Asier Olaizolak eta Apraizek estu hartu zituzten. Etxarriarra ez zen aurreneko hiru jardunaldietan bezain gustura aritu, eta akaso Apraiz bera baino gehiago izan zen. Partida bukatu eta gero Zubietak azaldu zuenez, eskuin eskuko takoak behar bezala itsatsi ezinik ibili zen partida osoan eta deseroso aritu zen, eskua apur bat minduta bukatuz. Nolanahi ere huts askoko partida izan zen, eta pilotek zeresan handia izan zuten, biko bakoitzak bere gustukoarekin jokatu baitzuen uneoro. Asegarcekoak izan ziren aurreratu zirenak, baina Xalak ongi jokatu zuen eta parekatzea lortu zuen. Bukaeran Xala ibili zen finago eta hor erabaki zen lehia. Otxandorena Belokiren ordezTxapelketa pil-pilean dago. Irujok eta Beroizek jokatutako lau lehiak irabazi dituzte eta Titinek eta Pascualek hiru. Bina puntura berdinduta daude hiru biko: Olaizola II.a-Mendizabal II.a, Xala-Zubieta eta Gonzalez-Laskurain, eta puntu bana dute hiru bikok: Berasaluze VIII.a-Begino, Olaizola I.-Ruiz eta Bengoetxea VI.a-Beloki. Igandean Bengoetxea VI.a eta Belokiren ordez ariko den Otxandorena izanen dituzte aurkari Xalak eta Zubietak Eibarreko Astelenan. Jaialdia 17:00etan hasiko da eta ETB 1-ek eskainiko du zuzenean. Lehia oso konplikatua aurreikusten da, Oinatz Bengoetxeak eta Otxandorenak puntu bat daukatelako eta Xalak eta Zubietak 2. Denak irabaztera aterako dira eta ez dago esaterik nor den faborito argia, nahiz eta akaso Xalak eta Zubietak maila hobea erakutsi txapelketan. Ea hirugarrena biltzerik  baduten. Pilota emaitzak. Tolosako Beotibarreko atzoko jaialdia zabaltzen zuen partidan, Cabrerizo II.ari 12-18 irabazi zion Alberto Ongayk. Malerrekako txapelketaAsteburuan Malerrekako Pilota Txapelketako final laurdenak jokatu ziren. Sakandarren emaitzak:Gazteak: Lopez-Ulanga (Altsasu-Andoain) 18 - Victor Esteban-Juanena (Ezkarai-Erreka) 4Kimuak:Azkune-Anduaga (San Migel) 18 - Flores-Beraza (Biaizpe) 13